GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaizkibel Bizirik taldeak kanpo portuaren arriskuez ohartarazi du

Joan den astean hondartutako Maro ontziak etorkizunean kanpo portua eraikiz gero gerta daitezkeen istripuez ohartarazi duela uste du Jaizkibel Bizirik plataformak. Hondamendiak saihestea da, plataformaren iritziz, oinarrizkoa; beraz, Portu Agintaritzak kanpo portuaren aldeko apustua egitea salatu du, «instituzioek berek egindako txostenetan ere jasotzen baita ikuspuntu ekonomikotik, sozialetik eta ingurugiro aldetikotik aukerarik okerrena» dela.

p022_f01.jpg

GARA |

Jaizkibel Bizirik plataformak kezka agertu du joan den astean hondartutako Maro ontziarengatik, eta kanpo portua eraikiz gero, gerta daitekeenaz ohartarazten duela uste du. «100.000 tona fuel uretara isuriko dituen petroliontzi baten hondarketa posible izango da etorkizunean kanpo portua eraikitzen badute», jakinarazi du.

Bere ustez, gainera, Maro ontziaren hondarketaren aurrean erakutsi duten «ezintasunak» agerian utzi du, behin jazo ondorenean, gisa honetako egoerei aurre egiteko dagoen zailtasuna; beraz, plataformako kideen ustez, aukera bakarra hauek eragoztea da. «Barne portuan, denboralea apartekoa izanik ere, lasaitasuna erabatekoa izan da; hala ere, Portuko Agintaritza tematuta dago portu berria, produktu arriskutsuen biltegia, eta zentral termikoa jartzean, 35 metroko sakoneraduna eta itsasoaren erasoak zuzenan jasoko dituena». Nabarmendu dutenez, agintarien helburua 150.000 tonako petroliontzi eta gas ontziak erakartzea da, eta «horrek hondamendi bat gertatzeko arriskua biderkatu» egiten du.

«Lanen kostua handia izanik ere -salatu dute-, Sustapen Ministerioak onartu egin zuen garai batean lanen bideragarritasun teknikoa ez dagoela ziurtatuta; ezaugarriei dagokienez, aurrekaririk ez duen lana da».

Azken egunetan gertatutakoak, Jaizkibel Bizirik plataformaren iritziz, are zalantzagarriago egiten du proiektua. «Instituzioek berek egindako ikerketetan ere ikuspuntu ekonomikotik, sozialetik eta ingurugiro aldetikotik, aukerarik okerrena dela zehaztu dute», ohartarazi du.

Izan ere, proiektuetan kostarekiko paraleloak diren paretak dituzte aurreikusita, eta egitasmo hori gauzatuz gero, ontziak Jaizkibelgo labarrei paraleloki jarrita sartu beharko dute portuan. «Bertan, olatuen erasoak jasateko arriskua izango dute, beraz, arroken kontra jo dezakete, Maro ontziarekin gertatu den moduan», adierazi du.

Adituek arrisku hauek nabarmendu izan dituztela gogora ekarri dute ekologistek, baina, hala ere, Portuko Agintaritzak egin dituen ikerketa guztietan, arrisku hauek guztiak baztertu egin dituela salatu dute. Horrek guztiak agerian uzten du, Jaizkibel Bizirik-en iritziz, Portu Agintaritzak proiektua aurrera ateratzeko eskaintzen dituen datu eta argumentuen «faltsutasuna».

ezintasuna

Eguraldiak onera egin bazuen ere, Itsasoko Salbamentu Taldeak ezin izan zuen atzo ere ontziraino bertaratu honek zeraman fuelarekin eta olioarekin zer gertatu den jakiteko.

Enbata

Azken egunetako enbataren ondorioz, ontzia hiru zatitan puskatu da; horietako bat urak estalita geratzen da itsasgora denean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo