Erretiratu ezkertiar eta abertzaleak biltzen dituen Sasoia Gara elkartea sortu dute
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Euskal Herriaren burujabetasunaren alde egingo duen ezkertiar abertzale erretiratu eta pentsionisten elkartea sortu berri da Nafarroan. Sasoia Gara izeneko elkarte horren aurkezpena egin zuten atzo Iruñean, Foru Monumentuaren parean, eta iragarri zutenez, «jubilatuen arazoen inguruan» mintzatzeaz gain, taldeak «Euskal Herriaren aldeko eraikuntzan jarduera anitz adostu eta babestu» egingo ditu.
«Orain arte egin dugun bezala, Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Bere etorkizunaren jabe, bidezkoa eta berdintasunezkoa, bere historiarekiko leiala, beste herriekiko solidarioa eta bere lurra zainduko duen nazioa, hain zuzen ere», nabarmendu zuen Karmele Karrera elkarteko bozeramaileak. Hala, helburu horien bidez, «elkarrizketara itzultzeko eta gatazka mingarri hau behingoz gainditzeko» lanean jarraituko dutela ziurtatu zuen.
Hala, erretiratuak ere «gizartaren parte aktiboa» direla aldarrikatu zuen elkarteko eledunak. «Adineko pertsonak ez gara besteen mesedeen beharrean aurkitzen, gure beharretarako bidezko irtenbideak aldarrikatzeko gai gara-eta», azaldu zuen Karmele Karrerak.
Ildo horretatik, «antzeko konpromisoak» dituzten Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin «harremanetan» jartzeko asmoa dutela jakinarazi zuen.
«Pentsio duinak»
Era berean, elkartearen beste helburu garrantzitsua «jubilatuek dauzkagun arazo sozial eta ekonomikoei aurre egitea» izango dela jakinarazi zuen Karrerak. Izan ere, egun, pertsona adinduek duten arazo handienetako bat pentsioen ingurukoa dela gogorarazi zuen. «Ez dugu pentsio lotsagarririk onartuko, are gutxiago botere politiko eta ekonomikoa dutenek guri dagokiguna xahutzen duten bitartean. Egoeraren inguruko salaketa egin, eta gainera bidezko konponbideak emango ditugu», azaldu zuen Sasoia Gara elkarte sortu berriaren eledunak.
Gainera, edadetuentzako gizarte zerbitzu duinen aldeko aldarrikapena ere egingo dutela iragarri zuen Karrerak. «Jendartearen kezka piztu beharko luketen egoerei aurre egingo diegu: etxebizitza kaskarrak, kalitate urriko arreta zerbitzua, negozioak egiteko besterik balio ez duten zaharren egoitzak, besteak beste», zehaztu zuen.