Sarean zer? aplikazio eleaniztuna erabiltzeko prest du «Le Journal»-ek edizio digitalean
Oihana LLORENTE |
«Le Journal du Pays Basque» egunkariaren edizio digitalean sartuz gero (www.lejournal.euskalherria.com), bertan argitaratutako berrietatik abiatu, eta gai berari buruz beste agerkari digitaletan argitaratzen diren albisteetara irits gaitezke klik soil bat eginez. Hori guztia, Sarean zer? izeneko aplikazioari esker egin ahal da, «Le Journal» egunkariak eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresak elkarlanean garatu berri duten aplikazioaren bidez.
Akitania-Euskadi diru-laguntzari esker abiatutako proiektu honen gorabeherak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo Donostian, Elekako kudeatzaile Iñaki Irazabalbeitiak, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi Itziar Nogerasek eta «Le Journal»-eko kudeatzaile eta erredaktore buru Agus Hernanek. Bertan, berriki martxan jarritako aplikazioaren helburua egunkari digital batean argitaratutako albisteak beste egunkari digital batzuetako albisteekin lotzea dela adierazi zuten, eta lotura horiek albisteek elkarren artean duten antzekotasun mailaren arabera eginez.
Bestetik, aplikazioa lau hizkuntzetako albisteak prozesatzeko gai dela baieztatu zuen Irazabalbeitiak, eta hizkuntza horiek euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa direla zehaztu zuen.
Horiek horrela, Sarean zer? aplikazioari esker, hogei egunkari digitaletan argitaratuak izan diren berriak ikus daitezke, eta berri horiek, gainera, lau egunez egongo dira eskura.
Loturak dituzten egunkariak Euskal Herrikoak, Estatu espainol zein frantsesekoak eta mundu mailakoak dira. Horien artean, GARA, «Berria», «Diario Vasco», «Le Monde», «El Mundo», «La jornada» edo «Al Jazzera» aurkitu daitezke.
Halako proiektuek informazioan edota gai jakin batean sakontzeko aukera ematen dio irakurleari, baita kontrastatzeko aukera ere, berri berdina hamaika ikuspegi desberdinetan garatua izan baitaiteke, egunkariaren arabera. Hori azpimarratu nahi izan du «Le Journal»-eko kudeatzaile Agus Hernanek, haren hitzetan, «espiritu kritikoa» bultzatu nahi baitute beren irakurleen artean.
Sarean zer? aplikazioa Elhuyar Fundazioaren I+G sailak garatutako Dokusare teknologian oinarritzen dela adierazi zuen Nogerasek atzoko agerraldian. Hizkuntza ugaritan idatzitako dokumentuak, semantikan eta antzekotasunetan oinarrituta, erlazionatu eta bilatzeko teknologia dela azaldu zuen.
Herrigintzari ekarpena
Hernanek «Le Journal» egunkariaren bilakaera ere izan zuen mintzagai. Duela zazpi urte abiatutako proiektua dela gogorarazi, eta lehen xedetzat, garai horretan Ipar Euskal Herrian zegoen prentsa idatziko monopolioa haustea zuela esan zuen.
Helburu hori beteta ikusten du «Le Journal»-eko erredaktore buruak, eta etorkizunari begira erronka gehiago dituztela gaineratu zuen. Teknologia berriak direla-eta «Le Journal»-ek apustu estrategikoa egiten duela adierazi, eta berriki beren webgunea irudiz eta bideoz osatu dutela gaineratu zuen. Bestetik, Euskal Herriko herrigintzari ekarpena egin nahi izan diotela adierazi zuen, eta halako proiektuak aberasgarriak direla. Halaber, iragarri zuenmaiatzean edizio digitalak berrikuntzak izango dituela.