Etsai zuzen bat bisitatuko dute gorri-urdinek
Lasaitasuna berreskuratu ondoren, kanpoko garaipenen txanda
Etxetik kanpo duen bolada txarra eteteko asmoarekin jokatuko du Eibarrek Granada 74 irregularraren aurkako norgehiagoka.
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Azken asteotan sortutako urduritasuna desegin zuen Eibarrek larunbatean, Cadizi irabaztean. Aste bat geroago, beste urrats bat eman nahi dute gorri-urdinek, 50 puntuetan jarritako helmugan amaitu behar duen lasterketan; oraingo honetan, etxetik kanpo duten bolada txarrari ere amaiera emateko.
Txarra eta luze-luzea, bost hilabete, itzuli oso bat, baitaramate eibartarrek beren bidaietan garaipena lortu barik. Are okerrago, etxetik kanpo jokatutako azken bi jardunaldietan puntu bakar bat ere ez dute lortu, eta Ipuruako norgehiagokak nahitaez irabazi beharrean daude.
Asmo hutsa, zoritxarrez, ez da nahikoa izaten, eta Javier Mandiolak onartzen duenez, «etxetik kanpo irabaztea oso garestia da, guretzako eta guztientzako. Izan ere, hainbat partidatan lan ona egin dugu, aukerak izan ditugu; eta, hala ere, gehienez puntu bakarrarekin itzuli izan gara». Horregatik, eta emaitza ziurtatzen ez duen arren, entrenatzaile eibartarrak argi dauka Granada 74 gainditzeko, «den-dena ondo egin behar» duela bere taldeak. «Eta horrela bada, aukera asko izango dugu. Baina dena ondo egin behar dugu eta, gainera, epailea ondo aritzea, gola egiteko trebezia... baina, batez ere, gure mailarik onena eskaini. Hala egiten badugu, zergatik ez dugu irabaziko? Izan ere, 28 jardunaldi jokatu ditugu jada, eta Granadaren aurretik gaude sailkapenean; zer edo zer esan nahiko du».
Egoera horrek garrantzi handiagoa ematen dio partidari, irabaziz gero hainbat sari jasoko baitu Eibarrek: mailan geratzeko helburutik hamar puntura geratuko lizateke, jaitsiera postuetatik gehiago urrunduko litzateke eta, gainera, Granada 74ri berari lau puntuko aldea aterako lioke, baita golen zenbaketan ere, Ipuruako neurketa irabazi baitzuten gipuzkoarrek.
Beraz, asmoa eta saria zein diren argi daudenez, bien arteko bidea betetzea falta da orain.
Etxetik kanpoko bolada txarrari amaiera emateko irrikan daude eibartarrak. Manixek argi dauka zein baldintza bete behar duten: «Batez ere, gure mailarik onena ematea. Baina, atean asmatzea eta epailea ondo aritzea ere bai».
Javier Mandiolak ez zuen argi zein hamaikako erabiliko duen gaur, zelaiaren egoerak joko mota bat ala beste egitea eska baitezake.
Zer edo zer aurreratu zuen, hala ere. Adibidez, Dani Martino ezker hegalean arituko dela berriro -horrela promestu zion jokalariari, Cadizen aurkako partida irabazteagatik-, baita bost gizoneko defentsa errepika dezakeela ere, Raul Garcia edo Txiki eskuinean jarri, eta Lombraña pibote bakar gisa utzita.
Goiko lerroak nola antolatu ere ez omen du erabaki. Zelaiaren egoera kontuan hartu eta egokitzat joz gero, joko zuzena balia lezake Eibarrek, eta horrek Markel Roblesi hamaikakoan sartzeko aukera emango lioke , lekeitiarra Altunaren postuan kokatuta.
A.U.L.