GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzak Aberri Egunean Irunen biltzeko deia egin die hautetsi orori

Oihana LLORENTE |

Aberri Eguna iristear den honetan, Euskal Herriko erakunde nazionala den Udalbiltzak bat egin du herritar andanak Irun eta Hendaia artean egiteko jarritako hitzorduarekin. «Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde» lema hartuta, martxoaren 23an Bidasoa ibaiaren bi aldeetan egingo den ekitaldian bertan parte hartzeko gonbita eta eskaria egin dio Udalbiltzak Euskal Herriko hautetsi orori.

Aberri Egunaz harago, atzo Donostian egindako agerraldian, nazio eraikuntzaren bidean konpromisoak hartzera deitu zituzten hautetsiak, «nazio eraikuntzaren instituzio lana gauzatzeko», zehaztu zutenez.

Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak eta Harremanetarako arduradun Markel Arizmendik egungoa «testuinguru labainkorra» dela azpimarratu zuten, eta Euskal Herriak «saldukeria» jasan dezakeelako beldur dira; horregatik, Euskal Herriak nazio erakundeak izateak «inoiz baino premia biziagoa» duela esan zuten, eta horretan lan egiteko eskatu.

Bihar, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriko etxeetako hautetsiak aukeratu, eta ziklo berri bati hasiera emango zaio, Udalbiltzaren iritziz. Ziklo horretan, nazio erakundearen lanaren oinarriak finkatuko direla iragarri zuten. Horiek horrela, hautetsi guztien lana «ezinbestekoa» dela gaineratu zuten prentsaurrekoan.

Epaiketa

Duela hamar urte, jada, Udalbiltzaren sorrerarekin Bilboko Euskalduna Jauregian ezarritako bost printzipioek egun «inoiz baino garrantzi gehiago» dutela adierazi zuten. Era berean, argi dute bi estatuek beraien lana oztopatzeko «mila saiakera» egingo dutela; eta horren adibidetzat, gogora ekarri zuten Udal- biltzaren aurka martxan jarriko duten epaiketa.

Euskal Herria zazpi herrialdez osatutako nazioa dela, eta bere buruaren jabe izan behar duela «ozen aldarrikatu» behar da Udalbiltzaren esanetan. Aldarrikapen horrek datorren martxoaren 23an oihartzun zabalagoa izan behar duela uste dute. Horrekin batera, Udalbiltzako bi kideek gogor salatu zuten Estatu espainolak eta frantsesak herri hau «zatiturik eta eskubiderik gabe» dutela.

Aberri Eguna lehen aldiz 1931. urtean ospatu zela gogorarazi zuen. Baita ere, geroztik, euskal herritarrek «bananduta» ospatu dutela askotan. Oraingoan ordea, bakoitzak bere aldetik ospatu beharrean, Irun eta Hendaiako ekimenaren alde egiteko eskatu eta bertaratzeko deia egin zuen Udalbiltzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo