GARA > Idatzia > Euskal Herria

Idiazabaldik Eskoziara, bi nazioen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzera

Kulturak egiten du, hein ba- tean, aberria herri. Baina herri izateko galdera egitea ere ukatzen denean, ezin frogatu zein den herritarren nahia. Euskal kultura erakutsiz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dute egunotan Idiazabalgo herritar ugarik Eskozian.

p022_f01.jpg

Gari MUJIKA

Azken garaiotan bizi dugun egoera politikoari erreparatuz gero, ezinezkoa ez, baina agerikoa da zaila izango litzatekeela alderdi politiko guztiak, edota abertzaleak gutxienez, orain, Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzeko elkartzea. Eta ez erdibideko eskubide bat: Autodeterminazio eskubidea, baizik. Bada, Idiazabalen, ekimenaren beraren apaltasunetik, irakaspen ederra emango diote hemengo klase politikoari; bai eta, oro har, euskal herritarrei ere. Alderdikeriak eta bestelako interesak alboratuz, Idiazabalgo Herri Kirol Taldeak antolatua eta herritarrek sustatua, kasik ehun idiazabaldar baino gehiago izango dira datozen egunotan Eskozian, Euskal Herriko kirolen eta kulturaren berri zuzenean emateko, eta estaturik gabeko bi naziook, Euskal Herriaren eta Eskoziaren erabakitze eskubidea elkarrekin aldarrikatzeko. Ekimena, gainera, joan-etorrikoa izateko xedez jaio da: hurrengoan eskoziarrak izango baitira Goierriko udalerrira joango direnak.

Denbora luzea daramate Eskoziarako bidaia antolatzeko sosak biltzen. Izalgo Herri Kirol Taldeak helburu horrekin kaleratu dituen kamisetarik ez duen herritarrik ez da behintzat Idiazabalgo inguruetan; telebista saioetara publiko gisa egin dituzten joan-etorriak ere amaitu dira dagoeneko. Dena dute prest idiazabaldarrek datorren martxoaren 18tik 24ra bitarte eskoziarrak euskal kulturaz zipriztintzeko; baita herri kiroletan eurekin lehiatzeko ere! Lokotxak, harri jasotzaileak -Aimar Irigoien gazteak berehala eman zuen baiezkoa-, aizkoran, ingudean, sokatiran... Bataz beste 80 lagunetik gorako «espedizioa» antolatu dute; ekimenak herrian sortu duen ilusioaren erakusle garbia.

Azken urteotan nabarmen sumatu dira Goierriko herrian herri kirolak sustatzeko asmoz emandako bultzadak. Ekimen ugari egin eta beste hainbatetan hartu dute parte; beti, herriko sentsibilitate ezberdinek oinarri dituzten aldarriak bultzatzeko apustua mahaigaineratuz. Hala, Korrika-ren edota Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriekin egin dute bat. Orain, oinarri eta helburu berarekin, autodeterminazio eskubidea hartuko dute aldarritzat, ziur baitaude horren inguruan adostasuna nagusi dela herrian.

«Benetako erronka, alderdikerietatik ihes egiten duen herri ekimen honekin, gaur egungo egoera politikoak kezkatzen gaituelako eta aldaketen beharra sentitzen dugulako, Euskal Herrian gertatzen denaren bestelako argazki bat helaraztea da. Gure aportazioa egin eta Euskal Herrian argi edo ilusio izpi bat sortu nahi dugu», adierazi dute Herri Kirol Taldeko kideek.

Highlands-eko herrixkan ere lehian

Idiazabaldik Edinburgora joango dira. Eta bertan, Eskozian, ez dira ez plaza ziztrin batean arituko Euskal Herriko kirolen erakustaldiak egiten, Eskoziako Parlamentuko ordezkariek egingo baitiete harrera. Lehenbiziko erakustaldia bertan, legebiltzar barruan, egiteko asmoarekin abiatuko dira gainera idiazabaldarrak.

Iturengo zanpantzarrek euskal tradizioaren soinua barreiatuko dute, eta 80 bat idiazabaldar arituko dira kirol erakustaldietan. Horrez gain, Idiazabalgo herritar andana ere joango da Eskoziara herri ekimenean parte hartzera. Dantzariak, txistulariak, txalapartariak, trikitilariak eta albokariak ere ezin falta! Eta nola ez, are gutxiago Idiazabalgo gazta eta herrialdeko sagardoa!

Aste Santuko egunotan, gainera, Edinburgon «Folk Cultural» jaialdia ospatzen da urtero. Aurtengoan, Goierriko herritarrak izango dira gonbidatu. Eta segidan, Eskoziako Highlands deritzon lurraldera joango dira, bertako herrixka batean egin ohi dituzten kirol erakustaldietan eskoziarrekin lehiatzeko gogo biziz. EiTBko spot-ean agertzen den tankeran, enborrak nork baino nork urrunago botatzen duen frogatuko dute eskoziarrek eta euskal herritarrek.

Urte osoan egindako lanaren fruituak gozatuko dituzte egunotan idiazabaldarrek. Itzuleran, bertan egindako eta ikusitako guztiaren DVDa kaleratzeko asmoa azaldu dute. Baita ekimenari segida ematekoa ere: aurten Edinburgora joan badira, hurrengoan Eskoziarrak Idiazabal eta Euskal Herria ezagutzera gonbidatuko dituzte.

Euskal kultura eta Idiazabalgo herria ezagutzera emateaz gain, giro bikainean ongi pasatzeko parada izango dute egunotan goierritarrok. Bien bitartean, Aberri Eguna gertutxo daukagun honetan, idiazabaldarrek zer ikasia utzi diete euskal herritarrei.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo