GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Udal eta kantonamendu hauteskundeak

Gaurko itzuliarekin osatuko dira Kontseilu Nagusia eta Herriko etxeak

Gaurkoarekin amaituko da udal eta kantonamenduetako hauteskunde saioa. Hautes-sistema korapilatsua dela medio, luze jo du kanpainak. Alta, bi itzulien arteko aste hau bizi-bizia izan da, batez ere udal hautagaien eta zerrenden artean izandako bateratze saioengatik eta aurrez aurre geratu direnen arteko eztabaidengatik. Kantonamenduetan, berriz, sei kontseilari hautatuko dira, gainerako bostak %50 baino gehiago lortuta, iragan igandean aukeratu baitziren.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Udal eta Kantonamenduetako hauteskundeak azken txanpara iritsi dira. Gorabehera handirik ezean, gaurko bozketarekin datozen sei urteetarako osatuta geratuko dira Herriko etxeak eta Kontseilu Nagusia, nahiz eta Departamenduko erakundeak hemendik hiru urtera beste erdia berritu beharko duen.

Bi itzulien arteko astea oso bizia izan da iragan igandean hautatuak izan ez ziren hautagaientzat. Hasteko, asteartera arte buru-belarri aritu dira aliantzak negoziatzen edota behar adina boz lortu ez eta bigarren itzulian present egongo ez direnen babesa eskuratu nahian.

Kasu askotan ez dute lortu. Biarritzen, esaterako, lau zerrenda izango dira eta beste horrenbeste Bidarten. Baionan, Hendaian eta Uztaritzen, berriz, hiruna. Azken bi herri hauetan aldaketak izan daitezke, Kotte Ezenarro egungo auzapezak eserlekua arriskuan izango baitu, bai eta Bernard Auroy uztariztarra ere. Angelun eta Urruñan bina aukera izango dituzte hautesleek. Haatik, botoa kontzentratzeko saioak kontraesankorrak ere izan dira. Jean Espilondo sozialistak aukera handiak ditu oraingoan Robert Villenave auzapez zentrista angelutarrari irabazteko baina, berak ere, beste zentrista disidente batekin -Getten-Porché- batu behar izan du aukera horiek areagotzeko.

Urruñan, berriz, eskuineko bi zerrendak batu, batu dira baina ez gorabehera gutxirekin, MoDem eta UMPko tokiko kargu garrantzitsuenak zerrenda berria nola eta norekin osatu eztabaidatzen aritu baitira azken unera arte. Alta, Filipe Aramendi abertzalearenak eta Renaud Lassalle ezkertiarrarenak bat egin dute eta aurrez aurre izango ditu eskuin «bateratuak».

Sei kantonamendu

Kantonamenduei dagokienez, sei geratu dira itzuli honetarako, gainerako bostek joan den igandean hautatu baitzuten kontseilaria. Baigorrikoak berebiziko interesa piztuko du, Jean-Michel Galant egungo kontseilari abertzaleak eserlekua gal baitezake. Bera eta Uztaritzeko Michel Mendiboure dira itzuli honetan aurkeztu diren hautagai abertzale bakarrak. Hendaiako kantonamenduan Kotte Ezenarrok Daniel Poulou eskuindarra zokoratu dezake.

Dena den, parte hartzeak zerikusi handia izango du, Kontseilu Nagusia oso urrutiko erakundetzat jotzen baitu herritarren gehiengoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo