GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Profesionalak

Tannerongo jaitsierak Paris-Nizan lider aldaketa ekarri du

Gesinkek minutu eta erdi galdu zuen jaitsieran eta Davide Rebellin da liderra azken etaparen faltan. Sylvain Chavanelek irabazi zuen Cannesko etapa

p058_f01_148x116.jpg

GARA | CANNES

Aurtengo Paris-Nizan Robert Gesink gazteak maldan gora txirrindulari bikaina dela erakutsi du. Maldan behera, ordea, asko du ikasteko. Ondorioz, Paris-Nizako lider berria Davide Rebellin beteranoa da, Reinaldo Nocentini herrikidea bigarren dela.

Azkenaurreko etapak, Sisteron eta Cannes lotu zituen. Mendi garairik ez bazen ere, zazpi mendate igo behar izan zituzten eta 206 kilometro egin. Hala, Tanneron azken mendatearen jaitsieran ahulaldiak jo zuen Gesink eta 40 kilometro falta zirela izan zuen zulaketaz hasitako egun okerra maillot horia galduz amaitu zuen.

Abiadura bizia izan zuen atzoko etapak. CSCko Julich eta Sorensen, Kuschynski Liquigasekoa, Bernhard Kohl -Gerolsteiner- eta Matthieu Sprick -Bouygues Telecom- izan ziren protagonista, 13. kilometrotik aurrera ihesaldia egin zuten-eta. Atzean, aldiz, Caisse D'Epargne zen jazarpenaren ardura hartu zuena, Luis León Sánchezen mesedetan.

40 kilometro falta zirenean Gesinkek atzeko gurpila zulatu zuen. Nahiz eta inguruan taldekide asko ez izan, Rabobankeko lider gazteak eutsi zion tropelari. Baina Tannerongo igoeran dena okertu zitzaion. Alde batetik, David López bizkaitarrak lasterketa gogortu zuen, Gesink bakarrik utzita, eta Rebellin, Cunego, Nocentini, Sánchez eta enparauek Herbeheeretakoari lehertu arte eraso egin zioten.

Goitik hainbestean pasatu zen, baina beherakoan dena erori zitzaion. Hala, sailkapeneko aurrenekoek osaturiko taldetxo bat iritsi zen buruan helmugara, iheslariak harrapatu ostean. Esprintean Sylvain Chavanel nagusitu zen. Lider berria Rebellin da azken etaparen faltan, Gesinkek 1.29 galdu ondoren.

Oroz ihesean, Petacchi garaile

Tirreno-Adriatico itzuliaren laugarren etapan Alessandro Petacchik bere legea ezarri zuen, Óscar Freireren aurretik.

Alabaina, Euskaltel-Euskadiko Juanjo Oroz izan zen etapako protagonista. Ihes egin zuen, Gerolsteinerreko Sven Krauss eta Ag2rko Renault Dionekin batera. Ez zen nahikoa izan, zoritxarrez. Azken kilometroetako zalapartak ez zuen esprinta ekidin. 26 kilometroko erlojupekoa dute gaur Tirreno-Adriaticoko parte hartzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo