GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Julen zelaietak jantzi du txapela kinielak egitea zaila zen finalean

Behin saioa amaituta, zaila zen irabazlea nor izan zitekeen iragartzea. kiniela guztiak irekita zeuden, parekotasun handiko finala izan baitzen, oso zabala. azkenean, julen zelaietarentzat izan zen txapela. eskuak gora altxata ospatu zuen beratarrak txapela bertsozalez lepo zegoen aretoan.

p060_f01_250x124.jpg

Amagoia MUJIKA

Zortziehun bat lagun hurbildu ziren atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera. Elizondoko Lur aretoan ez zen kasik beste inor kabitzen eta bertsozale askok zutik jarraitu zuten saioa. Pankartarik eta animorik ere ez zen falta izan. Saio beroa izaten da normalean Nafarroako finala, hurbilekoa eta festa girokoa. Atzoko finalak ere tasun horiek guztiak bete zituen, beste behin. Badu xarma berezi hori Nafarroako finalak, bertso festa handi bat da. Eta horretan saiatzen dira urterik urte bertsozaleak.

Oholtza gainean zortzi bertsolari aritu ziren; Jon Barberena, Xabier Legarreta, Xabier Terreros, Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Erika Lagoma, Migel Mari Elosegi «Luze» eta Julen Zelaieta. Oro har, gorabeheratsua izan zen zortzikotearen jarduna. Goitik ibili ziren batzuetan, eta behera egin zuten beste batzuetan. Hala ere, bertsozalea txalo egiteko gogoz hurbildu zen eta majo eskertu zituen bertsolarien distira une guztiak.

Julen Zelaietak pilatu zituen azkenerako puntu gehien, 418 hain justu. Hala ere, lehen seien artean aldea estua izan zen: Jon Barberenak 409,5 puntu batu zituen; Julio Sotok, 408; Erika Lagomak, 403; Xabier Terrerosek, 401 eta Xabier Legarretak, 397. Migel Mari Elosegi izan zen zazpigarrena 370,5 punturekin eta Iñigo Olaetxeak 369,5 puntu lortu zituen. Alde estu horiek tarteko, epaiaren zain geundela inor gutxi ausartzen zen kinielak egiten.

Zelaietak nahiko ideia freskoak izan zituen saio guztian, nahiz eta normalean baino lotuago zirudien, urduriago edo. Kartzelakoan dezenteko buelta eman zion aterabide handirik eskaintzen ez zuen gaiari eta entzuleak asko eskertu zion. Hauxe zen kartzelako gaia: Badira bi urte berarekin ez zaudela. Oraindik ohatzeko albo berean lo egiten jarraitzen duzu. Bertsolari gehienek arrazoi desberdinengatik ondoan falta zaien maiteari kantatu zioten –Julio Sotok izan ezik. Zendutako amonari kantatu zion–. Zelaieta, berriz, bost urte betetzear dagoen haurraren paperean jarri eta lehenago ohekide zuen Kamiltxori abestu zion. Hauxe, lehena: «Lau urte ditut ta bosgarrena laster hor dut parez pare/ behin paketea kendu zidaten, gero txupetea ere/ orain falta zait ondoan nuna haseran ze atsekabe/ koxkortu egin omen naiz eta hala ondotikan alde/ haseran pena sentitu arren jada ez da nobedade/ jada amesten ikasi baitut ondoan Kamiltxo gabe». Akaso ariketa horretan jantzi zuen Berakoak txapela.

Zortziko nagusian Elosegirekin jardun zuen eta txukun samar aritu ziren biak. Txikian, Olaetxeak eta biek saio freskoa josi zuten. Puntukako ariketan bigarren erantzuna biribildu zuen batez ere Julen Zelaietak. Aberri Egunaren bueltan, honakoa bota zion gai-jartzaileak: Ikurrina jartzeko egun aproposa. Eta, Zelaietak, erantzun: «Bertan gure herriaz behar duzu goza/ Madrilen entzun bedi euskaldunon boza/ txuri, gorri ta berde dugula bihotza».

Azkenean, txapela Berakoaren burura joan zen, eta honako eskaintza egin zuen. «Hodei batean nago orainik ta sinistu ezinean/ bajatuko naiz okindegira hurreratzen naizenean/ lehenik aipatu behar Manolo hemen dagona gainean/ etxekoak ta koadrilakoak beti hor aldamenean/ bertso eskola, bertso kideak, lagunak azken finean/ Kamiltxo aipatu dut ta gogotan/ nuen nere ezinean/ bereziki hau zuri Rikardo hau zure oroimenean/ nigan sinestu zenuelako gehien behar nuenean». Galdetu beharko diogu Juleni Rikardoren inguruan.

Goraka eta beheraka

Orokorrean, atzoko saioa gorabeheratsua izan zen. Bertsolari guztiek asmatu zuten ariketaren batean, baina denek izan zuten gainbehera mementoren batean. Horrexegatik izan zen horren estua.

Zortziko nagusian Barberena eta Legarreta egokitu ziren parean eta ondo josi zuten ariketa. Biak ala biak eskarmentua eta tenplea erakutsi zuten. Alaitz Rekondo gai-jartzaileak honako gaia jarri zien: Abeltzainak zarete. Turismoa dela-eta, kaleak garbi edukitzeko eskatu dizuete Udaleko ordezkariek. Hazienda herritik pasatzea debekatu dute.

«Behiak ilaran eroaten ditut beti presaka-presaka/ ta haiek kaka bide gainean bota ohi dute plisti-plasta/ eta hargatik guk abeltzainok egin behar dugu hanka/ ta turismoak egingo dio abeltzaingoari kaka», hasi zen ondo Barberena. Orokorrean saio polita osatu zuen. Gutxien, akaso, puntuari erantzunez asmatu zuen.

Eta, Legarretaren erantzuna: «Abeltzaingoak kaka egitea baino ez al du merezi?/ Herriko kale ta txokotatik behar gaituzte berezi/ turismoari booma eman nahian gu bide hontan ez hasi/ kanpokoari lagundu eta etxekoei galerazi». Aranokoa ondo hasi zen, eta zortziko handian eta txikian ale txukunak utzi zituen. Baina saioa aurrera joan ahala gero eta estuago sumatu zen eta akaso ez zuen lortu bere benetako maila erakustea.

Julio Sotok saio erregularra eta polita osatu zuen. Ideia onak ekarri zituen oholtza gainera eta nahiko aise sumatzen zen. Zortziko txikian Barberenarekin aritu zen eta bertsozalea harritzea lortu zuen emakume baten paperean jarri zelako, nahiz eta gaiak halakorik ez zehaztu. Hauxe zen gaia: Bosgarren pisuan bizi zara Julio. Pizza beti Jonek ekartzen dizu, baina ez dizu eskupekorik eman inoiz.

Sotoren lehen bertsoa hauxe: «Hori da hori izerdi, hori da hori galda/ kasi-kasi ein leike oiloaren salda/ tiranteetan nago behean minifalda/ ni ikustea nahiko propina ez al da?».

Seiko motzean Barberena-Terreros bikoteak ariketa ederra osatu zuten. Terrerosek saio guztian barna zertzelada ederrak eskaini zituen, ideia berriak eta ausartak. Bi etorkinen paperean kantatu zuten. Beren seme-alabak herriko beste haurrekin jolasean ari dira eta begira daude biak. Hauxe Terrerosen bigarrena: «Marokon deusikan gabe/ ta egin genduen alde/ eta zergatik hango errege/ zerri horri galde/ umeak justetan daude/ euskaraz mintzatzen trebe/ deusik ez diet ulertzen baina/ pozten naiz halare».

Denek utzi zuten zerbait

Kartzelakoan Erika Lagomaren bi aleak ederrak izan ziren oso. Lesakarrak gehien biribildu zuen ariketa bakarkakoa izan zen agian, nahiz eta saioan zehar distira uneak ere izan zituen. Baina, benetan, kartzelakoan gozatu zuen. Hauxe, lehenengoa: «Ohatzeko maindireak lisatu ohi zenitun zuk/ birena zen etxe zahar hau birena egin genun guk/ edozer emango nuke zure muxu goxoen truk/ pasatako une hoiek betiro gogoan ditut/ pasa dira hilabeteak pasa dira urte batzuk/ ta oraindik begiak itxi ta ondoan ikusten zaitut». Eta, Lagomaren bigarrena: «Irripar egiten zenun beti lanetik heltzean/ ta birentzako lentejak egoten ziren heltzean/ zure muxuak hor daude hegaka beti haizean/ nere ondoan nahi zaitut nere ondoan etxean/ nere ondoan nahi zaitut egunero ere kotxean/ gauero hatsa galtzen dut ohatzearen ertzean».

Iñigo Olaetxeak bi poto egin zituen eta hori nabarmendu zuen berak saioaren bukaeran. Baina, ale politak ere utzi zituen. Zelaietarekin aritu zen seiko motzean. Zelaieta, goizeko hiruretan lanera zihoan okina zen eta, Olaetxea, lanik egin beharrik gabe bizi zen aberatsa, etxera bueltan zihoana. «Munduan zerri batzuk bizi dira ongi/ hala diotsu zure hamaika istori/ zutatik badut zerbait argi jakin hori/ parranda egitea eguneroko ogi», bota zuen bigarrenean.

Migel Mari Elosegik, «Luzek», izan zituen une politak ere, eta ez zuen hanka-sartze nabarmenik egin. Puntuari erantzunez ondo aritu zen eta kartzelakoan ere ale politak utzi zituen. Minbiziak eraman zion maiteari abestu zion. «Izarrik gabe zenbat gau eta eguzki gabe eguna/ minbizi batek eraman zuen geroztik naiz alarguna/ eta ohean faltan bota dut berriz andere kuttuna/ egun argina iruditzen zait gehientsuetan iluna/ bi urteotan bada zertxobait ongi ikusi duguna/ ondasunikan ondasunena zela bere maitasuna».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo