GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Avironek azken minutuan erdietsi du garaipena

Lapurtarrak hiru puntu atzetik heldu ziren norgehiagokako azkeneko minutura, baina orduan Lafittek egindako entseguari esker puntuak etxean geratu ziren

AVIRON 20

BRIVE 18

Jon LEUNDA | BAIONA

Aviron berriro ere etxean garaipena lortzen hasi da, eta sailkapeneko erdialdean jarraituko du. Atzo garrantzitsua zen garaipena erdiestea, eta horixe egin zuen, nahiz eta asko sufritu behar izan zuen, eta partidako azkeneko minutura bitarte ezin izan zuen garaipenik segurtatu .

Arauzko denbora bete zenean, talde zuri-urdina hiru puntugatik galtzen ari zen, eta zaleak puntuek ihes egingo zutela pentsatzen hasita zeudenean, baina orduan agertu zen Lafitte, eta korrikaldi bikain baten ostean Avironek atzo lortu zuen entsegu bakarra egin zuen, eta horrek lau puntu eman zizkien.

Partida ona ez zen izan, eta horrelakoetan garrantzizkoa izaten da jaurtitzaile ona izatea; Dourthe bikain aritu zen, nahiz eta azkeneko jokaldian transformazioarekin ez zuen asmatu. Joan den astean ordezkoen aulkian egon zen, azkenaldian apur bat behera egin zuela-eta, eta badirudi eragina izan duela horrek, atzo lan bikaina egin baitzuen, eta taldeko onena izan zen berriro ere.

Atzoko partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehen berrogei minutuetan kanpotarrak hobeak izan ziren. Lehen minutuetan etxekoak lo egon ziren eta konturatzerako 0-15 galtzen ari ziren, Orquerak bost zigor-kolpe gauzatu baitzituen, eta gauzak erabat okertu zizkien baionarrei.

Euskaldunek apur bat gora egin nahi izan zuten, eta Richard Dourthek bi zigor gauzatu zituen, hala, emaitza apur bat laburtu zuen, baina Orquera beste jaurtiketa batez baliatu zen markagailuan 6-18koa jartzeko. Lehen zatia ikusita, zaleak erabat kezkatuta joan ziren zerbait hartzera, ez baitzegoen itxaropenerako tarte handiegirik, Aviron gaizki jokatzen ari baitzen; Brive aparteko ezer egin gabe ari zen irabazten eta Aviron ez zen maila ematen ari.

Bigarren zatian, ordea, gauzak erabat aldatu ziren. Aviron indartsu zelairatu zen, eta talde frantziarra ez zen batere ongi aritu; ez zuen puntu bakar bat ere lortu, eta etxekoek, aldiz, ez zuten barkatu, eta partidari buelta emateko modua egin ahal izan zuten.

Dourthek bere maila ematen jarraitu zuen, eta ostikoen bitartez markagailuko aldea murrizten hasi zen; norgehiagoka amaitzeko hogei minutu falta zirela, etxekoak hiru puntutara jarri ziren, 15-18.

Tartea bazegoen, eta kanpotarrek ezinean jarraitzen zuten bitartean, etxekoak gogor jo zuten erasora garaipena emango zien entsegu horren bila, baina hori ez zen heltzen. Ezta ostikoen bidez berdintzeko aukerarik ere, eta horrelaxe sartu ziren partidako azken txanpan.

Arauzko denbora beteta zegoenean, gauzak lehenean jarraitzen zuten, eta garaipena lortzeko itxaropena desagertzen ari zen; orduan, Lafittek korrikaldi eder baten ondoren partidako entsegu bakarra egin ahal izan zuen; horrenbestez, lau puntuak Jean Daugurren geratu ziren, bai zaleen, bai jokalarien zoramenerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo