GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Sonia Gonzalez Idazlea

«Chiki-Chiki»

Kontu honetan ere demostraturik geratu da espainolen harropuzkeriaren eta handiustearen gainetik beste zerbaitek pisu handiagoa izango duela beti: diruaren hotsak, hain zuzen ere

Etxera berandu heldu, eta hara zer topatu genuen lehengoan zapping egin bitartean, espainiar telebistan, lehen katean: Eurovision-era joateko «final» modukoa.

Esan genezake espainolek armada garaiezinaren porrota, Kubaren galera eta inperio handiaren murrizketa gainditzeko modua Eurovisionen topatu zutela, nahiz eta hori aspaldi izan. Izan ere, urtez urte eta edozein aitzakia medio, gomutarazten dizkigute lalala eta vivo cantando haiek. Daukaten pena bakarra da harez geroztik ezer gutxi lortu dutela. Horrela, aurten «salvemos Eurovisión» leloaz kanpaina mediatikoari ekin diote, españolito guztiek berriro ere jaialdi zirraragarri, entretenigarri eta apasionagarri horrekin bat egin, jarraitu eta denen gustuko ordezkaria anima dezaten.

Demokrazia modan dagoen sasi-kontzeptua izanda, espainiar ordezkaria «demokratikoki» aukeratzea onena izango litzatekeela otu zitzaien. Horrela, gura zuen edonork Internet bitartez bere kanta aurkeztu, eta jendearen boto gehien nork aterako itxarongo zuten, prozesu osoa demokrazia parte hartzailearen adierazle handia bilakatuta. Edonor aurkeztu ahal zenez, beste telebista kate batean lan egiten duen Buenafuente showmanak pertsonaia friki bat asmatu, dantza friki bat asmatu eta asmatutako kanta friki horixe eskegi zuen Interneten. Eta, o sorpresa, bere programako egun batzuk betetzeko balio behar zuen Rodolfo Chikilicuatre puntuak eta puntuak batzen hasi zen «Chiki-Chiki» kantaz.

Zelan eroan ahal izango dute aurten Espainiako urguilua Europako beste herri arrotz eta «zantarren» aurrean lehiatzera? Imajinatzen ditut Espainiako betiko elementu chauvinista, harroputz eta cañí horiek guztiak kexaka, aurten benetan gaitz izango duten arren, Frantzia, betiko legez, Espainiaz gogoratu ez delako puntu banaketan edota Maltak «txu poins, dua pua» besterik ez dielako eman. Zelan defendatuko duten beste guztien artean espainolak onenenenenak direla, irabaztea merezi dutela, arraza espainola beste guztien gainetik gailendu behar dela, Jainkoak horrelaxe agindu duela eta. Zelan lortuko dute aktore mehe horrek, gezurrezko tupe eta plastikozko gitarraz kanta tonto eta frikia «abesten» duen bitartean? Ikustekoa izango da.

Honezkero sumindurik agertu da bat baino gehiago, horrelakorik ezin dela onartu, ez dagoela eskubiderik, lotsagarria izango dela Europa aurrean piura horrekin agertzea.

Hala ere, kontua da «demokratikoki» aukeratua izan dela, eta horretan oinarriturik irten dira Espainiako telebistaren arduradunak Chikilicuatreren defentsan. Hemendik aurrera errepikatu behar den mezua ondo ikasi dute: «Chiki-chiki kantarekin Espainiak erakutsiko du bere buruaz barre egiteko gai dela, eta umorerik ez dugula falta».

Kontsigna horrekin euren burua ondo zuritzen dute, kontu honetan ere demostraturik geratu delako espainolen harropuzkeria eta handiustearen gainetik beste zerbaitek pisu handiagoa izango duela beti: diruaren hotsak, hain zuzen ere. Hau da, erraza izango zuten beste telebista bateko asmaketa hori albo batera utzi, eta aurkeztu diren kanta benetan kutreen arteko besteren bat bidali; hala ere, horrela ez lukete izango orain izango duten arrakasta. Ez Eurovisioni dagokionez, jakina, baizik eta Espainia barruan burutu ahal duten merchandising eta publizitate guztiari begira, aurtengo jaialdia askoz jende gehiagok jarraituko eta ikusiko baitu, zalantza barik. Zelako papera egiten duten, horrek berdin dio, share handiaz poltsikoak ondo berotu ahal izanez gero.

Niri neuri, bost. Baina adierazgarria da oso, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo