GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Bitartekarien poltsikoetan geratzen dira etekinak»

Mikel Kormenzana
Bizkaiko EHNE sindikatuko presidentea

EHNEk argi utzi du ekoizleei ordaintzen zaiena geldituta dagoela aspaldi; beraz, marjina gehienak bidean geratzen direla salatu du, alegia, enpresa bitartekarien poltsikoetan.

Zer gertatzen ari da merkatuan?

Baserritarrok krisialdi sakon baten murgilduta gaude, azken hilabeteotan areagotu dena. Europako nekazaritza politikak prezio baxuak inposatzen dizkigu eta merkatuaren kontrola desagertzeko bidea aukeratu du. Administrazioek bultzaturiko nekazaritza eredu industrialak kanpoko erosketen menpekotasuna ekartzen du eta kostu horiek gero eta altuagoak dira. Garestitze hori nabaria da pentsuen, gasolioaren, ongarrien eta fitosanitarioen kasuan. Gainera, kontrolik gabeko egoera honetan bitartekari komertzialak, multinazionalak eta salgune handiak etekin izugarriak ateratzen ari dira, nekazarien zein kontsumitzaileen kalterako. Biak dira galtzaile, eta kontsumitzaileen kasuan elikagaien prezio altuak jasotzeaz gain, bertako nekazariak desagertzeko joerak kalte ugari dakartza. Baserritar familiok bertako kalitatezko elikagaiak ekoiztearekin batera, ingurumenaren kudeaketa, paisaiaren aberastasuna eta landa eremua bizirik mantentzen ditugu. Beraz, familia nekazaritza desagertzea oso kaltegarria izango litzateke gizarte osoarentzat, eta elikadura subiranotasuna lortzea ez litzateke inoiz posible izango.

Nor dago prezioen igoeraren atzean, EHNEren ustez?

Geure produktuengatik ordaintzen zaiguna geldituta dago azken hamarkadan eta bizitzaren kostua gorantz doa urtez urte. Hala ere, nekazari eta kontsumitzaileen arteko ibilbidean geratzen dira marjina gehien, enpresa bitartekarien poltsikoetan. Horrela, kontsumitzaileentzat elikagaien prezioa ekoizleek kobratzen dutena baino askoz altuagoa da (bi, hiru, lau edo bost bider altuagoa); espekulazio itzela dago tartean.

Zein etorkizun ikusten diozue arazoari?

Alde batetik, produkzio kostuen murrizketa ekartzen duen lurrari lotutako kalitatezko nekazaritza eta abeltzaintza eredu autonomoagoa bultzatzea eskatzen dugu, hau da, ahalik eta kanpoko erosketa gutxien erabiltzen duena. Bestetik, nekazarientzat zein abeltzainentzat prezio duinak eta kontsumitzaileek ordaindu beharreko prezio egokiak lortzen saiatu beharra dago, bitartekarien gehiegikeriak eragotziz. Horrekin batera, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko kate komertziala murriztea beharrezkoa da, salmenta zuzena benetan bultzatuz. Prezio behatokia sortzea proposatu dugu, ukuilutik mahaira jarraipen zorrotza egiteko eta espekulazio eta iruzurrak zigortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo