Ezezaguna bezain aberatsa den Magrebeko errealitate musikala gida batean jaso berri dute
Fabricantes de Ideas kultur elkarteak «Guía de las músicas del Magreb» argitaratu berri du, eremu hartako «musika aniztasuna» gurean ere ezagutarazteko asmoz. Artista hasiberriei erreparatu die batik bat.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Yolanda Agudo eta Rubén Caravacak editatu eta koordinatu duten gidak Maroko, Aljeria, Libia, Mauritania, Tunez eta Sahara ingurura hurbildu nahi du irakurlea. Tradizioak eta joera berriek bat egiten duten Magrebeko musika mota anitzera, zehatzago esanda.
Argitalpen berria Donostian aurkeztu zuen atzo, prentsaurrekoan, Caravacak. Eta bertan azaldu zuen, «Guía de las músicas del Magreb» liburua hiru urtean egindako lanaren emaitza dela, bai eta hasieratik Afrika iparraldeko mugimendu musikala ezagutzera emateko erronkari eutsi diotela aipatu ere.
Bestalde, gaitzetsi egin zuen herrialde haietan jazotzen dena «paterak, droga, kontrabandoa edota terrorismoa» baino askoz harago joanda ere, Europara hedatzen dena «batik bat irudi ezkorra» izan ohi dela. Eta, aitzitik, Magrebeko eraldaketa sozial, politiko eta kulturalaren oinarri esanguratsuenetakoa den musika jardueraz ezer gutxi entzuten dela esan zuen.
Egoera hori nolabait irauli nahian prestatu dute, beraz, gida. 275 orrialdetan, musika tradizionaletik hasi eta hip hop-a, rap-a, rock-a, heavy-a edo pop-a bezalako esparruetan mugitzen diren hainbat eta hainbat profesional, hitzordu entzutetsu eta argitalpenen berri ematen du Fabricantes de Ideas elkarteak, 250 informazio fitxaren bidez.
Artistak, historia, mapak...
Magrebeko musika ardatz hartuta, hasiberriak diren artistei erreparatu die batez ere gida honek, beti ere «topikoak» alboratu gabe. Hamaika ataletan, gainera, azken urteotako historia ekonomiko, politiko eta kulturalaren berri ere ematen du liburuak. Magrebeko mapa musikal turistikorik ere ez du falta; hainbat herrialdetan ospatzen diren musika jaialdi ororen inguruko datuekin.
Rubén Caravacak laburbildu zuenez, gidan agertzen diren artisten %80 sekula ez dira izan Europan; ez dute diskorik sekula editatu, eta gehienek ere Internet baliatu behar izaten dute «zentsurari aurre egiteko».
Caravacaren esanetan, artista magrebtarrak ez daude «mediatizatuta», eta, hortaz, fusioekiko «ausartagoa» da haien ekoizpena. Gehienek Internet bidez ezagutarazten dute beren jarduera.
Europatik jaso ohi duten babesari esker behera egin dute kontzertuen debekuek, atxiloketek eta isunek; hedabide independenteek, baina, adierazpen askatasun falta nabaria pairatzen dute oraindik ere.