GARA > Idatzia > Editoriala

Salneurriak eta zenbaiten poltsak, gora

Hitz jokoa eman lezake, baina dagoeneko denek nabaritu duten errealitatea da: salneurriek mugarik gabe egin dute gora. Igoera hori inork ez du kontsumitzaile arruntek bezala sumatu, behar-beharrezko elikagaiei baitagokie. Eta, kontsumitzaileekin batera, enpresa banatzaileek eta bitartekariek ere nabaritu dute. Izan ere, salneurrien igoera dela-eta lehenengoen poltsikoak hustu ahala, bigarrenen poltsa betetzen doa.

Erosteko ahalmenaren krisi hau era askotara azaldu izan dute: lehengaien igoeragatik, garapen bidean dauden herrialdeen eskari handiagatik... Baina Europar Batasunak ez du horren argi ikusten eta enpresa banatzaileak eta bitartekariak ikertzeko gomendatu du. Baita frantziar Estatuak, esate baterako, hala egin ere. Enpresa banatzaile nagusiek bitartekari asko kendu dituzte, eta pentsa liteke horrek produktuak merkatuko lituzkeela, ekoizleari erositako prezioaren eta kontsumitzaileari saldutako prezioaren arteko aldea txikiagoa izateko aukera ematen baitu; hala ere, enpresa horiek bi prezioak ezarrita, alde hori handitu egin dute. Eta neurri berean beren etekinak emendatu. Baina Europar Batasunak ere, enpresa banatzaileek eta bitartekariek produktuen salneurriak legez kanpo adosten dituzten ikertu behar dela dioenak, badu bere erantzukizun partea, merkatu librearen logika muturrera eramanda haren kontrola galtzen baitu. Horren erakusgarri argia nekazaritza da, Europak nekazariei prezio baxuak ezarri eta merkatuan jartzen direnak haren kontrolpetik kanpo baitaude. Ekoizlearengandik saltzailearengana bitartean geratzen dira etekin gehienak. Galerak, berriz, ekoizleek eta kontsumitzaileek jasoko dituzte.

Herritar arruntek denbora luzean pairatu behar izaten dituzte horrelako irregulartasunak administrazioek sumatzen dituztenerako. Eta ez da ahaztu behar administrazioek irregulartasun horiek errazten dituzten politikak aplikatzen dituztela. Horrek agerian uzten du herritar horien eta administrazio horien arteko tarte handia, batzuen eta besteen interesen arteko tarte itzela, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo