GARA > Idatzia > Musika

«Destruye!!!» Punkaren memoria aise soil ederra

Punka hil zela esan zuten. «Destruye» bere zuri-beltzean fotokopiatutako orriekin eta bere irudi txingotzaile eta ziztrinarekin, punkaren defendatzaile sutsuenetakoa izan da 1981eko uztailetik, orduan argitaratu baitzen bere lehenengo zenbaki basatia. Estreinako kutxazain zahar haien aurrean zenbat pogo dantzatu zen

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Inoiz desegin al da «Destruye»? Desagertu al da «Destruye»? Bizirik segitzen al du «Destruye» fanzineak? Kaosaren heriotza ez bada inoiz gertatu, zergatik birrinduko zen, bada, «Destruye»? Poliki, mantso, astiro eta geldiro eman ditu bere urratsak «Destruye» fanzineak. «Destruye» ez da irten landaretza espontaneoa bezala, nahiz eta zeharo espontaneoa eta bat-bateko suntsitzailetasun miresgarria duen. Zutabe sendo eta trinkoa, apurtzailea eta apurtu ezina. Legearen kateak txikitu eta sistemari ezereztu dituen milaka mozorroak agerian utziz. «Destruye» aldizkaria da, maiztasunik gabekoa, batek daki hurrengoa noiz aterako den; orain eta beti erlojuari so egin gabe. «Destruye» beti bizirik maite eta desio duen horretan: punkean.

Punka hil zela esan zuten. «Destruye», bere zuri-beltzean fotokopiatutako orriekin eta bere irudi txingotzaile eta ziztrinarekin, punkaren defendatzaile sutsuenetakoa izan da 1981eko uztailetik, orduan argitaratu baitzen bere lehenengo zenbaki basatia. Estreinako kutxazain zahar haien aurrean zenbat pogo dantzatu zen. «Destruye» terrorista izateko jaio zen. Punk musika eta mugimenduaren komunak, publiko zabalarentzat zikinak eta kirastunak badira, ondorio xalo batetik datorrelako izango da: sistema eta boterea egiten eta osatzen duen publikoa eta jendea lohia delako.

«Destruye» zineak suntsiketaren ahogozoaren mezua darama, existentzia bizitzeko modu intentsoagoa proposatzen du. Paradisurik bada, punkaren paradisuan bizitzeko aldarri bortitza eta zaratatsua da.

Euskarazko lehenengo artikulua 1985eko maiatzeko 12. zenbakian agertu zen, «ejertzitoa apurtu» eta «ez ejertzitu gehiago» leloarekin. Laugarren zenbakian hasi zen Euskal Herriko punk taldeez hitz egiten, eta azalean Basura taldearen argazkia, eta barruan Gipuzkoako estreinako punk taldeen zerrenda. Jabi Destruyek esan zuen hauek ezagutzen zituela: Basura, Rip (Doble Cero ohiak), Odio, Optalidon, Neo Punk, Kaos, Cirrosis, Ejercito de Salvacion, Sifilis eta Colza. «Destruye» baino lehenago «Alguien te está mirando» zinea argitaratu zuen Jabi mukizu eta erradikalak 1980ko azaroan, baina ez zen punk zine espezifikoa; Bob Geldof elkarrizketatu zuten. Orain arteko azken «Destruye» 2007ko azaroan atera zen. Azken-aurreko zenbakiarekin batera (hamaseigarrena) Rip taldearen CD bat zetorren, 1983 eta 1984ko zuzeneko grabazio desberdinak. Lehenengo 13 zenbakiak batu dituen bilduma bat atera da. Eta liburua noizko?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo