GARA > Idatzia > Musika

Abiadura azkartuta dator plazara R.E.M. hirukotea

Rock Olinpoko izar distiratsua da R.E.M. hirukote estatubatuarra. 1995ean jo zuten Anoetan estreinako aldiz eta aurten beste behin Euskal Herriratuko dira, Bilbao Live jaialdian «Accelerate» lan berria aurkezteko. Martxoaren bukaeran plazaratuko dute diskoa eta dagoeneko zeresan franko ematen ari da zaleen artean, sarean batez ere.

p048_f08_250x148.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Astebete baino ez da falta 1980an Ameriketako Estatu Batuetako Athens hirian (Georgia) sortutako R.E.M. taldeak estudioko lan berria atera dezan eta, sareko musikazaleen artean taldearekiko ikusmina areagotu dela ikusita, guk ere abiadura azkartu dugu «Accelerate» behar baino lehen aurkezteko. Izan ere, lan berriko kantu gehienak dagoeneko zuzenean joak ditu hirukoteak, eta zale sutsu batek baino gehiagok sarean eskegiak ditu dagoeneko.

Hamarkada luze bat joana da 1995eko otsailaren 15ean gurean aurrenekoz jo zutenetik (norbaitek kontzertua grabatu eta disko pirata batean eman zuen gainera, orain dela gutxi Interneten ehun euroren truke salgai ikusi izan duguna). Anoetako belodromora ekarri zituen «Monster Tour» hartan, bidaia amaiezina egin zuen taldeak Singapurtik Donostiara, bitxikeria eta guzti. Izan ere, hegazkineko ordu luze haietan Michael Stipe abeslariak «Departure» kantuaren hitzak idatzi zituen, «Just arrived Singapore, San Sebastian» hasi, eta gero... «Spain, 26-hour trip» esaten duena.

Denboran aurrera eginda, «Around the Sound» da taldearen estudioko azken lana, orain dela lau urte argitaratua. Gero, 2006an, Warner disko etxe erraldoiarekin sinatu aurretik taldearen lehenengo urteetan egindako kanturik onenak elkartu zituzten «And I Feel Fine... The best of the I.R.S. Years 1982-1987» bilduman argitaratzeko. Iaz, berriz, zuzeneko DVD bat plazaratu zuten, «R.E.M. Live» deiturikoa. Izan ere, aurten hogei urte beteko ditu taldeak Warner Bros disko etxetzarrean, eta estudioko hamalaugarren diskoa izango da «Accelerate», apirilaren hasieran plazaratuko dutena.

Egun Internetek eskaintzen dituen aurrerabideei esker, baina, ez dugu zain egon beharrik izan eta sarean kantuak entzuteko parada izan dugu, lana argitaratu aurretik ezagutzeko.

Aspaldiko ekoizleari agur

Esan bezala, «Accelerate» taldearen hamalaugarren argitalpena da, eta Jacknife Lee-k ekoitzi duen aurrenekoa. U2 laukotearen «How to Dismantle an Atomic Bomb» azken lana ekoitzitakoa dugu Lee, eta bi Grammy sari lortzeko balio izan zion irlandarrekin egindako lanak. Hasiera batean harridura sortu zuen ekoizlearen hautaketak, orain arteko lanak konfiantzako jendearekin elkarlanean ekoitzi baitituzte. Gainera, 1994an «Monster» plazaratu zutenetik Pat McCarthy-k bete izan du lan hori, nahiz eta azken ekoizpenetan kritikak jaso izan dituen soinu hotza eta kargatua erabiltzeagatik. Jacknife Lee, U2rekin ez ezik, besteak beste, Bloc Party, Editors, Kasabian eta Snow Patrol taldeekin lan egindakoa da, egun puri-purian dauden britainiar talde gazteak guztiak ere.

Azken hogei urteetan azkarren grabatu duten diskoa da oraingo hau, eta bederatzi aste erabili dituzte lanak biribiltzeko. Vancouver-en, Kanadan, izan ziren aurrena, joan zen urteko udaberriko bi astez. Dublinera jo zuten gero, udako hiru astetan zehar kantuak ondu eta zuzeneko saioak egiteko, eta etxean, Ameriketako Estatu Batuetako Athens hirian, eman zuten azken astea udazkenean, lana bukatzen. Behin grabaketak eginda, Londresen egin dituzten nahasketak, eta lana biribildu. Udan Irlandan, Dublingo «working rehearsals» delakoetan, hain zuzen ere, oholtza gainera igo eta taldeak kantu berriak jo zituen, oinarrizko bertsioan eta batere konponketarik egin gabe, sarean entzun ahal izan dugunez. Hona hemen Olympia Theatren izan ziren zale amorratuek Interneten eskegi zuten kronikaren pasarte txiki bat: «Espero baino hobeto, hamar kantu berri entzuteko parada izan genuen. Kantu zaharrak ere jo zituzten, ez ordea ohiko dituzten arrakasta nagusiak. Zuzenekoak labur samarrak izan ziren -hemeretzi bat kantu baino ez-. Zaleen artean, mundu osotik jakin-minez eta zirraraz gainezka gerturatutako jendea, U2ko taldekideren bat eta Sinead O'Connor tartean. Bi urtez kontzerturik eskaini gabe egon ostean, probasaio batean balego bezala agertu zen taldea boskote gisa, «this is not a show» oharra egin, kantuen berri hitz eginez eta paperetan zuzenketak eginez...».

Vincent Moon-ek «6 Days» izeneko bideo bat grabatu zuen Dublingo zuzenekoekin, DVD formatuan lan berriaren luxuzko edizioan eskuratu ahal izango dena. Uztailean zuzenean jo zituzten hamar kantu horietatik zortzi konpondu eta lan berrian argitaratuko dituzte orain. Zortzi horiez gain «I´m Gonna DJ» kantua ere 2004tik zuzenean jo ohi dute eta dagoeneko zaleen artean aski ezaguna da.

Lana salgai apirilaren batean jartzeko erabakiak ere eman du zeresana, herri askotan data hori baita txantxak egiteko probesten den «inozente eguna». Izenari dagokionez, taldeak abiadura azkartu eta kantu laburragoak, zuzenagoak, egiteko asmoa agertu du, eta erabaki argi horren isla da «Accelerate».

Disko berriko lehenengo singlea irrati uhinetan dabil otsailaren 11z geroztik eta hasieran «Disguised» izenarekin aurkeztu bazuten ere, «Supernatural, Superserious» deitzen da. Zaleen parte hartze eta proposamenei adi, taldeak kantu horren bideoklipa egiteko aukera zabaldu zuen nahi zuen orok parte har zezan, eta egun YouTube atarian dira emaitzak ikusgai.

Taldeak Ninety Nights izeneko atari berri bat ere sortu du sarean, joan den urtarrilaren batetik egunero minutu erdi inguruko bideo ezberdin baten bidez lan berriaren nondik norakoak erakutsi dituena; eta zaleek ere luze hitz egin dute «Accelerate» diskoaren sorkuntza eta emaitzez taldeari eskainitako atarietan. Gaztelaniaz, adibidez, informazio ugari aurki daiteke R.E.M. Nation web-gunean (disko berria plazaratzeko falta diren egunen atzerako kronometro eta guzti), eta ingelesez, berriz, <stereogum.com> orrian daude lan berriaren iruzkinak.

Nazioarteko disko etxe erraldoia da Warner, promozio lanak abian dira eta dagoeneko musika aldizkari anglosaxoi askoren martxoko zenbakiaren azalean ageri da R.E.M., eta gurean ere agertu da azken egunetan. Barruan, lan berriaren kritikak; orain lau urteko «Around the Sun» baino askoz hobeak gehienak. Michael Stipe abeslariak berak ere onartu du lan hartan taldea sakabanatu samar zegoela eta oraingo honetan disko zorrotzago eta trinkoagoa landu dutela.

Abian da Bilboko bira

Taldea errepidean da jada, eta joan den astean Europako zenbait hiritan -tartean Londres, Paris eta Milan- promozio lanak egin ostean, Ameriketako Estatu Batuetan eman dute zuzenekoren bat edo beste. Martxoaren 8an, esaterako, Floridako Langerado jaialdian, Stipe kantariak AEBetako hauteskundeetan Obamaren alde egiteko probestu zuena, hogeita bi kantu jo zituen taldeak, horietatik zortzi berriak. Iragarri legez, udan Europako bira egingo dute, uztailaren 2an Amsterdamen hasi eta irailaren 9an Helsinkin bukatu. Hogeita hamaika zuzeneko, tartean uztailaren 5ean Bilboko Kobetamendin egingo den jaialdikoa.

Aurretik, ekainaren 1ean, David Belislek azken sei urteetan taldeari egindako 175 argazkiz osatutako liburua argitaratuko dute, 25-30 euro inguruan salgai jarriko dena.

Taldea boskotean ageri da egun oholtza gainean. Michael Stipe abeslaria, Peter Buck gitarra-jotzailea eta Mike Mills baxu-jotzaileaz gainera -gogoratu Bill berry bateria-jotzaileak 1997an utzi zuela taldea-, azken hamabost urteetan taldearekin batera jotzen duten Scott McCaughey gitarra-jotzailea eta Bill Rieflin bateria-jotzaileak osatuta dago taldea zuzenekoetan. Ken Stringfellow The Posies taldeko musikariak, beraz, ez du parte hartuko bira honetan, 1998tik aurrera zuzenean R.E.M. taldearekin batera aritu izan den arren.

Hiru minutuko muga ez gainditzearen erronka

2004ko «Around the Sun» lanak orokorrean abesti luzeak bildu zituen eta oraingo honetan kantuak laburtu eta hiru minututik jaixtea zen taldearen erronka nagusia. Baita lortu ere hamaikatik sei kantutan. Gainera, bi kantuk baino ez dute lau minututik gorako iraupena eta lana laburra da bere osotasunean, hogeita hamalau minutu eta erdian hamaika kantu eskaini baititu. Eta aurreko lanean pianoa bazen nagusi, oraingo honetan rock gitarra zorrotzak ageri dira ozen.

Hamaika kantu bildu dituen lan berrian bi kantu baino ez dira guztiz ezezagunak eta inoiz entzun gabeak, beste bederatziak udan Dublinen aurkeztu baitzituzten jendaurrean: «Hollow Man» laugarrena eta «Sing for the Submarine» bederatzigarrenaz ari gara.

Orain arte Ameriketako Estatu Batuetan emandako kontzertuetan disko berriko zortzi kantu jo dituzte zuzenean, «Supernatural Superserious» singlea lehenengo bisetarako utzita eta diskoan erdian ageri diren «Until the Day is Done», «Mr. Richards» eta «Sing for the Submarine» kanpoan utzita.

Diskoa hiru formatutan plazaratuko da. Digitala bata, dagoeneko salgai dena, edizio estandarra bestea, hamaika kantuak bildu dituena, eta luxuzkoa azkena, «6 Days» DVDa opari dakarrena. Hiru hauez gainera, Ameriketako Estatu Batuetan, orain arteko lan guztiekin egin izan duten bezala, 180 gramoko binilo doblean ere plazaratuko da lana. A. B.

Fitxa

Argitaratze data: Europan martxoaren 28an eta Estatu Batuetan, apirilaren 1ean. Interneten, martxoaren 24an.

Lana: «Accelerate».

Taldea: R.E.M.

Argitaratzailea: Warner Bros.

Edizio estandarra: Diskoko hamaika kantuak.

Edizio berezia: 64 orrialdeko liburuxka, Vincent Moon-en «6 Days» DVDa (2007ko udan Dublinen emandako zuzenekoen irudiekin) eta kantu berri bi, -«Airliner» eta «Redhead Walking»-.

Edizio digitala: Edizio bereziko kantuak + zuzeneko hiru kantu.

 
«DISGUISED»

34 minututan 11 kantu dituen lanak «Disguised» izenarekin aurkeztu zuen lehenengo singlea, egun «Supernatural, Superserious» deitzen bada ere. Otsailaren 11z geroztik entzungai dugu irratietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo