GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Sei bikote arituko dira txapelaren bila norgehiagoka

Lehiaketa etzi abiatuko da Baionan, Moderne trinketean, eta amaitu ere, han amaituko da maiatzaren 4an

p039_f02.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Berezkoen Binakako Txapelketa etzi eguerdian abiatuko da Baionan, Moderne trinketean, eta leku berean amaituko da maiatzaren 4an. Berrikuntza bat baino gehiago izango dira

Sei biko izango dira aurtengo txapelketan, eta lehenengoz ligaxka eran jokatuko dute lehen fasea, bi multzotan banatuta. Hortaz, Sorhuet-Ezkurra II.a, Ibarrola-Ozafarin eta Etxeberri Kurutxari izango dira lehen multzoan, eta Larretxea-Etxeto, Idiart-Waltari eta Alfaro-Dermit, bigarrenean. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, eta han gurutzatu egingo dira. Bi irabazleek finala jokatuko dute.

Txapelketa etzi eguerdian, abiatuko da Modernen, 11.00etatik aurrera, eta bertan, Ibarrola-Ozafrain Sorhuet-Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira. Lehen jardunaldia astelehenean amaituko da Donibane Garazin, 17.00etatik aitzina, Alfaro-Dermit Larretxea-Etxetoren aurka lehiatuko baitira.

Bigarren jardunaldia, Donapaleun hasiko da, apirilaren 5ean. Egun horretan, Etxeberri-Kurutxai Ibarrola-Ozafrainen aurka neurtuko dira. Hurrengo egunean, Milafrangan, berriz, Alfaro-Dermuit Idiart-Waltarirekin arituko dira nor baino nor gehiago. Azkeneko jardunaldia, Maulen abiatuko da apirilaren 11n, eta egun horretan, Etxeberri-Kurutxari eta Sorhuet-Ezkurra neurtuko dira. Lehen fasea, Senperen amaituko da apirilaren 13an, eta han, Idiart-Waltari eta Larretxea-Etxeto neurtuko dira.

Finalerdiak Oloruen eta Armendarizen izango dira. Biarnon, apirilaren 25ean izango dira, eta bertan lehen multzoko lehenengoa, bigarreneko bigarrenaren aurka neurtuko da. Nafarroa Beherean, aldiz, apirilaren 27an jokatuko da finalerdia, eta lehen multzoko bigarrena, bigarreneko lehenengoaren aurka neurtuko da. Finala, arestian aipatu bezala, Baionan jokatuko da, Moderne trinketean, maiatzaren 4an.

Txapelketa honek, azken orduko hutsunea ere izan du. Rene Muskarditz baitzen aritzekoa Jean Claude Dermitekin, baina garazitarrak bizkarreko arazoekin jarraitzen du, eta ezin izango du parte hartu. Bere ordez sartu dute Alfaro.

Ligaxkaz gain, berrikuntza bat baino gehiago dira, eta horien artekoa etziko partida izango da, orain arte larunbat eguerdiz ez baita inoiz txapelketako partidarik jokatu: «Proba egin nahi dugu. Arratsaldean errugbi partida handi bat bada Baionan; bertan, Aviron eta Stade Français neurtuko dira, eta Avirongo zuzendaritzarekin bat eginda antolatu dugu. Eguerdi partean pilota partida eskaintzen dugu, eta arratsaldean errugbia. Ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen», esan du Jean Batiste Garatek, txapelketako antolatzailetako batek.

Beste berrikuntza bat Olorue da. Ez da ohikoa Biarnon Txapelketako partidak jartzea, baina iaz Pauen probatu zuten, eta oso erantzun ona jaso zuen. Orain Oloruek ere badu trinkete berri bat, eta han ere probatu egin nahi dute.

Kopa

Berezkoen maila nagusiko txapelketaz gain, Bigarren Mailakoa ere antolatu dute, eta Kopa izena jarri diote. Maila nagusian arituko ez diren profesionalez gain, amateur onenak ere arituko dira han. Koparako, kanporaketa sistema erabiliko dute.

Lehen kanporaketa, Bielle-Istillartek Lanbert anaien aurka jokatuko dute Baionan, Saint Andre trinkeetan apirilaren 10ean. Astebete geroago, leku berean, Itoitz anaiak Poueys-Hegiabeheeren aurka neurtuko dira. Finalerdiak apirilaren 28an Donibane Garazin izango dira. Lehen kaporaketako irabazleek Alfaro-Lazkano izango dituzte aurrean, eta bigarreneko irabazleek, Aranburu-Rene Dermit. Finala, maiatzaren 4an Modernen jokatuko da. Maila nagusikoa arratsaldez izango da, baina hauena, eguerdian izango da.

Oreka

Antolatzaileek sei biko soilik sartu dituzte lehiaketan, baina oso partida orekatuak egin dituzte. Maila handiko pilotariak dira, eta hauetariko edozein izan daiteke txapelketako garailea

Waltari, atzean

Waltari berez aurrelaria baldin bada ere, atzean partida ugari jokatzen ditu, eta oso ongi moldatzen da, gainera. Txapelketa honetan hor arituko da, Idiart aurrean duela

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo