GARA > Idatzia > Kultura

«Paranoiaren hozberoa» edo pantailaz pantailako gizakiaren galmenaren inguruko saiakera

Iazko Juan Zelaia Saiakera Sariaren lan irabazlea, «Paranoiaren hozberoa (Nintendorena)», kalean da jada Pamielaren eskutik. Juan Izuzkiza egilearen hitzetan egungo gizaki galduaren inguruko hausnarketa egiten du.

p043_f03_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Gaur egungo paranoiaren inguruko hausnarketa kaleratu berri du Juan Izuzkizak, eta horretarako «pantailaz pantailako» egitura aukeratu du gainera, bideo-jokoa izango balitz bezala. Irakaskuntzan ari den bergarar honek iaz eskuratutako Juan Zelaia Sariari esker argitaratu du «Paranoiaren hozberoa (Nintendorena)» filosofia saiakera.

Aipatu behar da saria Nafarroako Pamiela Argitaletxeak eman ohi duela urtero Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren babesari esker.

Horiek hala, Pamielako Jose Angel Irigarayk, zeinak Anuntxi Aranarekin, Joxemiel Bidadorrekin, Joxemari Iturralderekin eta Bixente Serrano Izkorekin batera epaimahaia osatu duen, lana «egungo mundu mailako egoerari buruzko azterketa-begirada kritikoa, jakinduriaz, freskotasunez eta ironiaz manera aski ausart eta originalean garatzen duelako» aukeratu zutela argitu zuen.

Izuzkizak berak, «Paranoiaren hozberoa (Nintendorena)» idazterako garaian lehenik eta behin, «antzinako filosofia pentsaerara» jo zuela argitu zuen. Izan ere, orduko pentsalariek ere «gizakia galduta» zegoela zioten, «ignorantziaren estalki moduan» edo. Mendeak igarota, hala ere, «nahiz eta teknologiak aurrera egin» badirudi gaur egungo gizakia ere galduta dagoela.

«Ez oso ortodoxoa»

Saiakera «ez da oso ortodoxoa» eta beraz, egileak filosofian interes pixka bat duen edonori interesgarri iruditu ahal zaiola uste du.

Egitura ere sinplea du liburuak; «kapa modukoak egin ditut. Kapitulu bakoitza pantaila bat bezalakoa da». Hortik datorkio, hain zuzen ere, izenburuaren bigarren zatia; Nintendorena. Irakurketa «joko bat bezalakoa da» Izuzkizaren hitzetan, eta irakurleak, hortaz, «jokatu nahi duen ala ez» ikusi behar du. Horregatik aukeratu zuen «pantailen» egitura, epaimahaiak aipatu ironiari jarraiki.

Lehen sei kapituluek gizakiak, lehengo gizaki haiek bezalaxe, zoriontasuna lortu nahian jarraitzen duela dute hizpide, eta ondorengoetan, egileak mitoen gaineko hausnarketa egiten du. «Zein da egia posiblea? Zerk du zentzua? Zentzua sartzerakoan paranoia sartzen da, eta galdu egiten gara gainera, zentzua ematen saiatzen garenean. Bi aukera geratzen zaizkigu orduan: iluminazioan sinetsi -eroen kontua ote da?-, edo jarrera agnostikoa hartu», esan zuen Izuzkizak. Saiakerak bestelako ezustekorik ere eskaintzen du bukaerako orrialdeetan, bertan azterketa moduko bat agertzen baita: «Irakurri eta gero ondorio batzuk ateratzeko».

Hamargarren pantailarekin bukatzen da Izuzkizak proposatutako joko hau, irakurlea «egiaren aurrean» jartzen denean. Game Over. Insert coin. Please.

Juan Zelaia 08rako lanak aurkezteko epea zabalik

Juan Zelaia VIII. Saiakera Sarirako lanak aurkezteko epea zabalik da jada. Idatziak Pamiela argitaletxearen Iruñeko egoitzara (Agustindarren industrialdea-Soltxate. G kalea, B6 nabea) bidal daitezke irailaren 30a baino lehen.

Joseba Intsaustik, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren izenean, gogora ekarri zuen saria 70eko hamarkadako lehen urteetan saiakera ugari kaleratzen baziren ere, ondorengo urteetan kopurua gainbehera etorri zela. Horregatik erabaki zuten Juan Zelaia Saiakera Saria bultzatzea. Urteak igarota saria «bide onetik» doala ere aipatu zuen Intsaustik. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo