GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Reggaearen mito ezezaguna

p050_f01_32x32.jpg

Bizitza kontraesanez beteta dago. Jamaikar musikaren garapena ulertzeko ezinbesteko izena da Joe Higgs-ena. Kingston hiriburuko Trenchtown ghettoan jaioa, gaztetatik jasan zuen poliziaren jazarpena rasta ideiak defendatzeagatik (oso errespetatua zen ghettoko txiroen artean). Bere etxe xumean eskolak ematen zizkien ghettoan abeslariak izan nahi zuten gazteei eta, besteak beste, bere ikasketak jaso zituzten Bob Marley-k, Peter Tosh-ek, Bunny Wailer-ek, Jimmy Cliff-ek, Bob Andy-k eta garaiko beste abeslari ezezagun askok.

Sentimenduz abesten erakutsi zien, soinu kalitatea baino garrantzitsuagoa zela esaten zien. Era berean, euren kantuak sortzera animatzen zituen; reggaean produktoreek musika egin eta abeslariek musika horren gainean ahotsa jartzea da ohikoena. Desberdintasun handia dago norberak sortutako musikaren gainean abestu ala beste batek sortutako musikaren gainean abestu. Denborarekin ikasleak entzutetsu egin ziren eta berak, bitartean, disko gutxi batzuk soilik kaleratu zituen. 1999. urtean hil zen AEBetan minbiziak jota. Orain aurkezten ari garen disko hau bere lehenengo iraupen luzekoa izan zen eta 1975. urtean kaleratu zuen. Reggaezaleen artean ere guztiz ezezaguna bada ere, ezinbesteko diskoa da, bereziki, reggaearen eta rhythm & bluesaren arteko harremanaren maitale direnentzat. Edizio berri honetan jatorrizko binilozko diskoan zeuden hamar kantuekin batera bi bonus track sartu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo