GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Gaurko egunak du arrisku gehien; euri asko bota eta tenperaturak gora egingo du»

Joxe Landa
eguraldian aditua

GARAko `meteorologilaria' dugu Joxe Landa; egunero eguraldiak zer ekarriko digun adierazi ohi du egunkariko azken orrialdean; baina gaur, euriteek kezkatuta jo dugu harengana. Egin dizkigun iragarpenak, ordea, ez dira lasaigarriak izan. Gaur ere izango omen ditugu arduratzeko arrazoiak.

 

 Datozen egunetarako zein eguraldi iragar daiteke Euskal Herrirako, eta nola eragin diezaieke eguraldi horrek gure ibaiei?

Biharko egunak [gaurkoagatik] du arriskurik gehien. Euri asko botako du, gaur [atzo] baino gehiago agian; gainera, tenperaturak gora egingo duenez zertxobait, mendietako elurra ere urtu egin daiteke. Beraz, uholde arriskua izango dugu, eta ostiral goizean ere bai. Hortik aurrera, atertze aldera joko du, eta nahiz eta tenperaturak gora egiten jarraituko duen, uholde arriskurik ez da izango.

Egunotako denboralea geroxeago etorriko zela zirudien; normalean, udaberri hasierako egunotan giro ona izan ohi dugu, eta geroxeago, hilaren bukaera aldera, izaten da txarraldia. Apirila beti izaten da eurite eta aldarte askoko hilabetea. Aurten, aldiz, alderantziz datorrela dirudi.

Datozen asteei begira, zein tankera hartzen diozu eguraldiari?

Ostiral eguerditik aurrera, nahiko ona izango da eguraldia; ostiralean hobetzen hasiko da, eta larunbat eta igandean, udaberri tankerako eguraldia izango dugu geurean. Astelehenean okertze txiki bat izango da, ipar haizea izango baitugu; baina hori ere laster joango da, eta hobetzeari ekingo dio eguraldiak. Beraz, ostiraletik hasi, eta datorren aste osoan, asteleheneko okertze hori kenduta, giro ona izango dugu. Apirilaren 6tik 11ra bitarte, ordea, kaskarraldi dezentea datorrela ematen du, antizikloia erne jarriko da, eta ipar haize hotza sartuko da Euskal Herrian. Aurrerago, aldiz, berriz ere hobekuntza etorriko dela dirudi.

Normala al da martxoa azken hamarkadetako hilik hezeena izatea, urtarril eta otsail epel eta lehorren ondotik?

Ez, ez da normala. Aurtengoa ez da normala izan. Hala ere, azken egunotan izandako eguraldi kaskar honek negua bera normalizatu duela uste dut. Azken asteetan, ekaitzak ikusi ditugu, baina iparralderago zeharkatzen ikusi ditugu, ez Euskal Herritik. Oraingo honetan ekaitzak jaitsi egin zaizkigu, eta oraingo egoera normaldu ere egin zaigu. Ea hemendik aurrera horrela eusten dion eta udaberri normal samarra dugun! Oihana LLORENTE

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo