Lierni Iztueta eta Fontso Cantera EHEko kide ohiak
Euskal Herrian euskaraz, lehen eta orain!
Garaia da, ingurura begiratu gabe, zerbait oparituko diguten zain egon gabe, guri dagozkigun eskubideak lortzeko urratsak emateko
Euskal Herria da gure herria eta euskara gure hizkuntza. Horrela izan da betidanik, eta horrela da gaur egunean ere. Urte luzez gure naziotasun eskubidea eta gure hizkuntza eskubideak urratu dizkigun politika zapaltzaile baten magalean bizi behar izan gara. Ezin izan dugu, eta ezin dugu une hauetan ere, gure etorkizuna erabakitzeko eskubiderik gauzatu eta, ondorioz, ukazioaren lege eta arauen menpe eduki nahi gaituzte.
Hala ere, noiz egin diegu men herria eta hizkuntzaren binomioa suntsitzen saiatu diren politika horiei? Betidanik, herriaren eta hizkuntzaren aldeko lana eta borroka izan dugu ardatz, gure hizkuntza-eskubideen defentsa eta urraketa ororen salaketa jarri dugu behin eta berriro mahai gainean.
Estatu frantsesak eta espainiarrak ez dute Euskal Herriaren burujabetza onartzeko inongo asmorik eta desiorik. Trufa egiten digute, ditugun eskubide guztiak behin eta berriro urratuz eta oinarrizkoa dugun eraikuntza lana oztopatuz. Estatuen logika horri jarraiki egiten dute politika Euskal Herriaren zatiketa ahalbidetzen duten botere autonomikoek ere; zatiketa administratiboaren babesean, neurri hutsal eta ez-eraginkorrak bultzatzen tematzen dira, euskarari hauspoa eman baino, bere hondoratzean gehiago sakonduz.
Garaia da, ingurura begiratu gabe, zerbait oparituko diguten zain egon gabe, guri dagozkigun eskubideak lortzeko urratsak emateko. Euskarak inoiz baino gehiago behar gaitu eta, beste behin ere, herritarron aldarrikapen eta lanaren arabera jokatuko dute administrazioek, baita estatuek ere.
Euskararen alde, eskubideen defentsan eta normalizazio bidean, lan asko egin da eta gu horren testigu izan gara. Ikastolak, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, Kontseilua, Behatokia, «Euskaldunon Egunkaria», «Berria»... zerrenda amaigabea osa dezakegu, eta guztiak herriak herriarentzat sortutakoak. Administrazioen egitekoa ordea, oztopatzailea izan da; dirulaguntzen ukazioa, egitasmo ezberdinei sabotajea, legez kanporatzeak... Euskal Herri euskaldunaren alde ilusioz eta izerdi lodiz eraikitakoa, txiki-txiki egin nahi dute espainiar eta frantziar konstituzioetan oinarritutako politika basatiek.
Hizkuntza eskubideen defentsan aritzea ere gero eta gogorrago zigortzen da. Eskubideen bermea helburutzat beharko luketen politikek, herritarrak zigortu eta eraso gehiago antolatzen jarduten dute. Euskararen normalizazio osoa helburutzat ez duten arren, badira normalizazio planak hainbat administraziotan, baina ez dira betetzen. Oposizio deialdi gehienetan, oraindik ere, euskara ez da derrigorra. Hori guztia larria izanda ere, eskubide horien defentsan jarduten dugunoi isunak eta espetxe zigorra ezartzen dizkigute.
Egoera aldatu beharra dago, hizkuntza politika aldatu beharra dago. Baina norabide egokian, euskarak behar duen aldaketaren norabidean. Euskal Herri euskalduna bada helburua, ezinbestez, lurralde osoari konponbidea bilatuko dion proposamena behar dugu. Euskal Herri osorako hizkuntza politika berria behar dugu, lege berri bat. Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatuko duena, eta hartutako erabakiak bermatuko dituena. Euskararen normalizazio osoa lortzeko bideak irekiko dizkiguna eta belaunaldi guztien euskalduntzea ekarriko diguna.
Arestian esan dugu, Euskal Herria da gure herria eta euskara gure hizkuntza. Euskal Herri euskalduna helburu, apirilaren 6an Atarrabian elkartuko gara, errealitate horretarantz urratsak ematen jarraitzeko. Gure eta zuon indarrez, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!