Gazteriaren parte hartzea bultzatzeko plana abiarazi nahi dute Barañainen
Barañaingo Udalean atzo ekimen berritzaile bat aurkeztu zuten: herriko gazteria bere aniztasunean bildu nahi dute, denen parte hartzearekin, gazteen beharrak asetuko dituen plan bat osatzeko asmoarekin.
Jasone MITXELTORENA |
Barañaingo alkate Floren Luquik Udalak abiarazi nahi duen plan bat aurkeztu zuen, gazteriari dagokiona. Gizartean gazteek duten garrantzia nabarmendu zuen, baina aldi berean, ohartarazi instituzioek eta bertzelako eragileek, ordea, ez dituztela aintzat hartzen. Hori moldatzeko bidean, Elhuyar fundazioko teknikariekin bildu da Barañaingo Udala, eta gazteen parte hartzea bilatuko duen prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten.
Luqui gazteekin aritu da lanean, eta esperientzia horretan oinarritu zen atzo gaur egungo egoerari buruz mintzatzeko. Alkatearen hitzetan, «gurasoek baino gizarte egoera okerragoa jasan duen lehen belaunaldia dira egungo gazteak: lan baldintzak, etxebizitzarako aukera, bizi osorako zorpetzea, familia eta norberaren egoeraren ezegonkortasuna, ingurumenaren egoera... Orainaldi burujabe bat ukatzen ari gatzaizkielako, etorkizun bezala ikusteari utzi behar diogu».
Abian da prozesua
Atzoko aurkezpenarekin martxan dago prozesua. Herriko elkarteekin eta eragileekin biltzen ari dira, eta Barañaingo gazte sektore guztietara heltzeko asmoa dute, denen parte hartzea bilatzen baita. Hilabete honetan hasi, eta uda bitartean, herriko gazteriaren diagnosia eginen da; horretarako, hiru bilera aurreikusi dira. Lanketa burutzeko berriz, adinaren araberako taldeak osatuko dira, 12 eta 30 urte bitarteko gazteak biltzeko.
Horiez gainera, talde bakoitzeko ordezkariek osatutako beste talde batean adostasun bat bilatuko da. Behin errealitatearen analisia eginda, irailetik aitzinera plan integrala osatzen hasiko dira, eta abenduan lehen urratsak ematen hastea espero dute Elhuyar-eko teknikariek. Gazteria izanen da protagonista, eta zuzeneko hurbilketaz gainera (gazteen egoitzetara joatea, irakaskuntza zentroetara...), inkesta bat burutzeko asmoa iragarri zuten atzo.
Nolanahi ere, Udalaren eta Baragazteren webguneetan ekarpenak egiteko aukera izanen da. Agerraldian azaldu zutenez, prozesuan nagusituko diren balioak partaidetza, subjektibotasuna, komunikazioa, malgutasuna, heziketa, kultura aniztasuna, berdintasuna eta hizkuntza- ren erabilera dira.
Egitasmo honen bultzaileek argi utzi nahi izan zuten prozesua guztiz malgua dela, hau da, egitasmoa gazteek osatutako taldeetan sortuko diren iritzi bateratuen arabera garatuz joanen dela.
Horrekin batean, Udaletxea eta Barañaingo gazteria elkarrekin harremanetan izateko gune bat sortu nahi dute. Orain arte aurkeztu den guneetan harrera ona izan omen du egitasmo berritzaile honek.