GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Ordiziako artzain eguna

Koldo Rodero sukaldariak ebaki du Idiazabal gazta gaztea

Hunkiturik eta seme txikia ondoan zuela moztu zuen Koldo Roderok, Iruñeko Rodero jatetxeko sukaldari eta nagusiak, Idiazabal gazta gaztea, ardi esne gordinarekin egina. Jaki preziatuaren denboraldi berria aurkeztu zuten atzo Ordizian, eta bertze hainbat ekitaldi ere egin zuten artzainen lana aitortzeko.

p018_f01_199x100.jpg

Maider IANTZI

Garai batean bezala, negu partea bukatu, eta herritik pasatu ziren artaldeak mendirako bi-dean. Milaka ardi ibili ziren kaleetan zehar trikiti eta dultzai-na doinuak lagun, eta garraioak ematen dituen aukerei esker erdi ahantzia dugun ohitura oroitu zuten ordiziarrek eta bisitariek. Eguraldi kaskarra izan arren, herritarrek ez zioten muzin egin Artzain Egunari, eta giro ederra sortu zen.

Asteazkenetako barazki eta fruitu azokaz gain, gaztak eta Goierriko produktuak saltzeko postuak izan ziren Plaza Nagusian, eta Gipuzkoako artisauek beren lanak erakutsi zituzten. Ardiak bezala, hara eta hona ibili zen jendea, gozagarri asko baitzegoen begi eta ahoentzat. Adibidez, Garagartza Plazan Karlos Ibarrondok Eusko Labeleko esne bildotsak burruntzian prestatu zituen, eta dastatzea Aspanovas-Gipuzkoa Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen alde izan zen. Inguruan, arkume errearen usain goxotan, ardiei ilea moztu zieten eskuz eta makinaz.

Berriketa alaiak aditzen ziren, musikak gorputzak mugiarazten zituen. Jaia gailendu zen kanpoan, baita barruan ere. Udaletxean Idiazabal gazta gaztea aurkeztu zuten eta hainbat sukaldari, gaztagile eta aditu elkartu zen giro politean. Ezer baino lehen, zendu berri den Jose Luis Kalparsororen omenez minutu bateko isilunea egin zuten, eta tradizio handiko janari honen defendatzaile izan zela nabarmendu zuten.

Ez zen gazta naturalaren hamalaugarren aurkezpeneko omendu bakarra izan. Pello Garcia Amiano adituaren lana ere goraipatu zuten. 1953an jaio zen Donostian, eta Intxaurrondo auzoko Artzak Ortzeok elkartean hasi zen gastronomia munduan lanean, orain 30 urte. Urte askotan elkarte gastronomikoetako txapeldun eta txapeldunorde izan da. Horrek eraman zuen «Los secretos de la cocina vasca» irratsaiora, baita ere egunkarietara, «El Mundo»ra lehenbizi eta «El Diario Vasco»ra gero. Hamabost urte daramatza bertan eta, gainera, proiektu ugaritan parte hartzen du.

Endara eta Basondo

Makila eta oroigarriak jaso ondotik, Lasaren omenez egin zituen lehenbiziko hitzak Garcia Amianok. Euskal Herritik kanpora ateratzen den aldiro Idiazabal gazta eramaten duela kontatu zuen. Idiazabal batekin beti ongi gelditu eta edozein herrialdetako jendea harritzen dela ziurtatu zuen. Emozionatuta zegoela aitortu zuen, eta eskerrak eman zizkien Udalari, kofradiari eta artzainei.

Idiazabal Gaztaren Jatorri Izenaren kudeatzaile Mirian Molinak azaldu zuenez, produktu hau esne gordinez egiten da. Horregatik, zailagoa da kalitate aldetik erregulartasuna lortzea, eta gaztagileek lan zorrotza egin behar dute. Ahalegin hori aitortzeko asmoz, bi sari banatu zituzten: Sunbillako Luis Vicente Larrarteren Endara gaztandegia goraipatu zuten, eta Gereñuko Audicana Saez de Bikuña anaia gaztagileak ere bai, Basondo kooperatibakoak. Molinak jakinarazi zuen 2007ko dastatze saioen emaitzak kontuan hartuta aukeratu dituztela. Joan den urtean ere saritu zituzten Sunbillako eta Gereñuko langileak.

Gurasoen izenean, Arkaitz Vicente Urkijo gazteak jaso zuen saria. Aitak eta amak 28 urte daramate gazta egiten. Semeak bertze lan batean dihardu, baina gustura laguntzen die. Baserri batean bizi dira, Sunbillatik bi kilometrora, eta erabiltzen duten esne gehiena inguruko baserritarrei erosten diete. Herriko eta inguruko dendetan saltzen dute, baita Iruñean eta Donostian ere. Bost aldiz saritu dute Endara gaztandegia, azken hiru urteetan ondoz ondo.

Gaztagile hauek, artzainak, sukaldariak eta Idiazabal gazta mahai gainean izan dezagun lan egiten duten gainerako lagunak batzen dituena gauzak ongi eta maitasunez egitea da, Koldo Rodero sukaldariak lehenbiziko zatiak moztean azaldu zuenez, hunkiturik eta seme txikia ondoan zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo