Etxebizitzen salerosketa, krisiaren erakusgarri
Europar Batasunak krisiaren eragina dagoeneko nabaritu du bere ekonomian. Gai Ekonomikoetarako komisario Joaquin Almuniaren arabera, oinarri ekonomikoa sendoa den arren, AEBetako arrisku handiko hipoteken krisiaren eraginik izango ez omen zuen Europa zurrunbiloen astinaldiak jasaten hasi da. Ez daki zenbat iraungo duen egoera honek; eta, gainera, okerrera egingo duela sumatu du.
Testuinguru horretan, krisiaren eragina bereziki nabaritu duen sektore baten, higiezinen sektorearen gainbeheraren erakusle dira Hego Euskal Herriko datuak. Etxebizitzen salerosketak, hipotekek eta mailegatutako kapitalak nabarmen egin dute behera. Azken urteotan hain etekin handiak lortu dituen sektorea, neurri handian, Estatu espainoleko ekonomiaren oinarri izan da; orain, ordea, sektore hori jo duen finantza krisia kontrolatzeko laguntza eske ari dira etxegileak eta sustatzaileak, krisi ekonomiko orokor baten arriskuagatik eta enpleguen galeragatik kezkatuta, esan dutenez. Aberastasuna banatzea galarazten duen sistema ekonomiko batek, berdintasuna denen artean krisi egoerei aurre egiteko baino aldarrikatzen ez duenak, horrelako planifikazio bitxiak erakusten ditu. Oinarritzat duen sektoreak huts egiten duenean, ordea, ez da batere zaila ekonomiak berak ere lur jotzea.