GARA > Idatzia > Gutunak

Juanma Hernandez Agudo Ekologistak Martxan, Iruñea

Ezkabako epaia

Orain zortzi urte militarrek eragindako sute batek 100 hektarea kiskali zituen Ezkaba mendian. Abuztuko egun lehor eta bero batean gertatu zen. Aitzoaingo koarteleko militarrek bi aldiz ekin zioten tiro praktikak egiteari. Lehendabiziko praktiken ondorioz sute bat sortu zuten. Garaiz iritsi zirenez, beren kabuz itzaltzea lortu zuten. Bigarrenean, ordea, suak beren eskuetatik erabat ihes egin zien eta azken hamarkadako suterik larriena eragin zuten.

Kalte-ordainak eskatzea nahikoa ez zelakoan Ekologistak Martxan taldeak militarren jarduera oso inprudentzia larritzat jo eta bide penalari ekin zion. Praktika militar horietan parte hartu zutenek deklaratu behar izan dute azken urteotan. Auzibidea oso luzea izan da eta gure abokatuak arazo dezente gainditu behar izan ditu lan egiteko. Azkenean epaia iritsi da eta epaileek militarrak absolbitu dituzte. Epaia nekez irabaziko genuela bagenekien (auzitegietan Davidek gutxitan irabazten baitio Goliathi), baina epaiak hain konklusio okerra ematea ere... Izan ere, epaileek deliberatu dute militarrek bazituztela bitartekoak balizko suteak itzaltzeko, lehendabizikoa -txikiagoa izan zena- kontrolatu zutelako.

Eragindako hondamendiak argi asko adierazten du bitartekorik ez zutela. Aitzitik, militarrek inprudentzia osoz jokatu zuten; baldintza metereologiko txarrei muzin eginez, beren burugabekeriak mendia erre zuen. Epaileek deliturik ez dagoela erabakitzea lotsagarria da. Bien bitartean, mendi magalean Aitzoaingo koartelak segitzen du, eta goian gotorlekuak, oraindik Espainiako Armadaren eskuetan. Gure lurraldean militarrak soberan daude. Ezkaba mendiak ez luke militarren jokalekua izan behar, denon gozamenerako naturgune babestua baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo