GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eskuila Herria gara

Pinotxoren aita izan dut gogoan egun hauetan euskal politikaren haritik. Eta Nazareteko beste haren aita ere, pasio astea joan berria dela. Arotzak ei ziren aita biak, lehenengoaren kasuan sikiera ama zer zen argi ez dagoela; lanabes askotako arotzak izan ere. Gaurko politikan, ostera, gero eta arotz gehiago dira, baina lanabes bakarrekoak: eskuila baino ez. Zepiloa. Dibertsitatea arozgintzan bertan ere arin batean murriztuz doan seinale. Eskuilatzea da gaurko politikarien eginbeharreko nagusia; beheko estatuaren hiriburuko diputatuen jauregian izan edo hemengo bulegoetan izan, zepilatzea dute helburu politikoetarako helbide.

Argi utzi gura izan dute jelkideek autogobernuaren aldeko euren oraingo apustua inoizko benetakoena dela: Ajuria Eneako bide-orri antzeko hori Madrilen eskuilatua izan baino lehenago Sabin Enean bertan eskuilatzea izan dute nahiago, erabakitzeko eskubidea euren modu propioan gauzatuta. Eskuilatzea, gainera, beheraldian etorri zaie, iazko urtearen azkenean iragarritako «Euskadi 2025 Plan» hura martxoaren bederatzia igarota «Euskadi 2020 Plan» bihurtuta iragarri dute eta. Nonbait eraikuntza sektoreak azken boladan behera egin izanak izan du eraginik jelkideen zementuzko euskadigintzan. Itxura batean, poz-pozarren dira Eneotan eskuilatze horrek sortu ditzakeen txirlorak balizko egur-museo baten atarian pilatu daitezkeelakoan, hiriari baso itxura eman gurarik.

Portzierto, gogoan ote duzue aurtengo urriaren hogeita bosteko hura? Lehenago ageriko da antxoa Kantauriko uretan egun hori batzuen egutegian baino. Pentsatzen nago jelkideek baliatu dutela 2008a bisustua izatea eta hara zer egin duten! urriaren 25a otsailaren 29arekin trukatu, hura egutegitik bialduz. Baina orduan noiz ospatuko dute sekula, santa bada ere, hil ez baina entzefalograma total leuna duen estatutu harena? Are gehiago, zabalduko ote ditu ateak Eroskik balizko jaiegun horretan? Bai korapilatsua gero euskal politika!

Kontuak atera, urteak eman dituzte esaten euskal gizartea plurala dela eta orain Madrilekin akordio singularra nahi dutela esan! Zeinek ulertu? Hango mahaian idazkari postu bat lortzeko helbidean Loiolakoan horrelako posturik hartu nahi ez.

Ez dakit aitaren etxea zelan defendatuko duten batzuek euriborraren morroi izanda.

Eta amarena zelan defendatuko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo