GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiaren «mehatxuak» ugaldu ahala handitzen doa zubietarren haserrea

Bostehun bizilagun dituen Zubieta, Donostiako eta Usurbilgo auzune gisa dago izendatua egun. Hala ere, herri bilakatzeko eman beharreko pausoak aztertuko ditu Zubietako Herri Batzarrak. Are gehiago, Donostiako Udalak bertan ezarri nahi dituen proiektuak kontuan izanik: errausketa planta, makrokartzela, industriagunea, 1.100 etxebizitza eta oraindik zurrumurrua den baina gero eta indar handiagoa duen kuartel militar espainola eraikitzeko proiektua.

p026_f02.jpg

Gari MUJIKA |

«Txiki izaten jarraitu nahi dugu, baina ez gaituzue txikituko». Esaldi bakarrean aldarrikapena eta ohartarazpena ere egin du Zubietako Herri Batzarrak, etorkizun hurbilari so eginez udalerria hankaz gora jarriko duen makina bat proiektu egin nahi baititu bertan Donostiako Udalak. Odon Elorzaren gobernuak Zubietarekiko utzikeria oinarri duen politika garatzen duela salatu dute, baita herri izaerari eutsiko diotela argi adierazi ere.

Eñaut Zuriarrain eta Unai Agirre Zubietako Herri Batzarreko kideek atzo emandako prentsaurrekoan salatu zutenaren arabera, «Zubieta ez da existitzen Donostiarentzat». Eta hori esateko argudio ugari dituztela ere argi utzi zuten segidan.

Urtebete bilkura baten eske

Iazko udal hauteskundeek utzi zituzten emaitzak kontuan hartuz osatu zuten Herri Batzarra. Orduz geroztik, Zubietak dituen beharrez eta eginbehar nagusiez arduratzen da, udal propioa izango bailiran lan eginez.

Usurbilgo Udalarekin harreman onak dituztela azaldu zuten -Usurbilgo eta Donostiako auzo gisa izendatua baitago-, Gipuzkoako hiriburukoarekin, aldiz, ia harremanik ez dute; nahiz eta Odon Elorzaren gobernuak zubietarrekin hartu-emanean egoteko ordezkaria baduen; gaur egun, EBko Duñike Arrizabalaga da arduraduna.

Hala ere, azken urtebetean bilkura eske ari dira zubietarrak etengabe; baina erantzunik ez dute jasotzen. «Ez daude Zubietarekin hitz egiteko prest», ondorioztatu dute, beraz, Zubietako bizilagunek. Izan ere, pisuzko argudioak eta kezkak dituzte zubietarrek «mehatxupean» sentitzeko, eta, ondorioz, baita Donostiako Udalarekin biltzeko ere. Baina Gipuzkoako Aldundia ere ez da salaketa honetaz libro: Zubietara iristeko autobusa behingoagatik ezartzeko eskaera egin bazuten ere, Aldundiak ez omen dauka horretarako dirurik. Hori izan zen Aldundiak eman zien erantzuna, prentsaurrekoan salatu zutenez.

Erraustegia ezarri nahi dute Zubietan; bizilagunen esanetan, gezurra oinarri duen «inposaketa» da gipuzkoarrentzat. Martuteneko espetxea eraustearekin batera, Zubietan jarri nahi da baita «kartzela erraldoia» ere. Hori gutxi ez, eta Loiolako auzoan Espainiako Armadak daukan kuartel militarra ere Zubietara eramateko asmoaren inguruko zurrumurruak gero eta indartsuagoak dira; «nahiz eta proiektu horiek oraindik ez dauden zehaztuta, Donostiako Udalaren lur erreserban agertzen dira», gaineratu zuten.

Hirugarrenaren ondotik azaldu zuten laugarren makro-proiektua: 160.000 metro karratuko industriagunea; «dena lotua dute», salatu zuten. Eta, azkenik, Donostiako Udalak Zubietan 1.100 etxebizitza egiteko proiektua duela ere azaldu zuten. Hori bai, zubietarrekin deus hitz egin gabe, eta Zubietako Herri Batzarrak bere lurralde eta etxebizitza plan propioa duela kontuan hartu gabe. Are gehiago, 500 biztanle dituen auzoa hirukoiztu egingo duen proiektua dela kontuan izanik.

Eta udalerriari begira, bizilagunak kontuan hartu gabe, egin nahi dituzten proiektuak horiek izanik, zerbitzu publikoak edo errepideak oinarri dituzten eskaera guztiei muzin egiten diete agintariek. «Zubietan orain dela ehun urte bezala bizi gara», salatu zuten, ikastolara joateko edo erosketak egiteko kilometro ugari oinez egin behar dituztela nabarmenduz.

Baina «jarrera erasokor» horren aurrean, Zubietaren izena eta izana indartuko dutela azaldu zuten, bai eta herri bilakatzeko eman beharreko pausoak aztertzen hasiko direla ere.

Bost proiektu

Zubietako Herri Batzarrak salatu zuenez, bost makroproiektu ezartzeko arriskua dute bertan: errausketa planta, kartzela berria, Espainiako Armadaren kuartel militar berria, industriagune bat eta 1.100 etxebizitza.

Herri bilakatu

Zubietaren izena eta izana desagertarazi nahi dutela salatu zuten eta aurrerantzean herri bilakatzeko eman behar dituzten pausoak aztertzen hasiko direla ere iragarri zuten Zubietako Herri Batzarreko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo