Bizitza osorako zigorra
«Heriotza zigorra ezarri nahi digute; hori da nire beldurra, jasaterik izango ote dudan»
Fernando Etxegaraik 20 urte eta bederatzi hilabete igaro ditu Estatu espainoleko espetxeetan preso. Urtarrilean berreskuratu zuen askatasuna zigor osoa bete ostean, baina Auzitegi Nazional espainolak, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinari jarraiki, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du bere aurka. Ongi ezagutzen ditu espetxeetako bizi baldintzak, eta kartzelara bueltatzeak «beldurtu» egiten duela aitortu du; lau urte gehiago jasango ote dituen galdetzen dio bere buruari.
GARA
Hogei urte espetxean igaro ondoren, atxilotzeko agindua ezarri diote Etxegarairi; horrek ez dio hala ere, Euskal Herriaren aldeko borrokan duen konfiantza zapuztu. Espetxe politikak, presoak «suntsitu eta birrintzeko» xedea duela salatu du eta borrokan jarraitzeko deia ere egin du.
Urtarrilean berreskuratu zenuen askatasuna eta orain bilatzeko eta atxilotzeko agindua ezarri dizute. Nola uler daiteke neurri hori?
Kalera atera nintzen eguna izugarria izan zen, familiaren poza, ongietorria... Hasiera batean kezkatuta nengoen, egunak nire askatasunari helegitea jarriko ote zioten beldurrez igarotzen nituen. Abokatua naiz, eta badakit epe bat dagoela errekurtsoa aurkezteko, fiskalak ere helegitea aurkez zezakeela banekien. Denborak aurrera egin ahala lasaitu egin nintzen. Bi hilabete geroago ordea, Auzitegi Nazional espainoletik auto bat bidali zidaten, nire askatasunaren inguruan akatsak zeudela esanez. Lau urte eta hiru hilabete betetzeko falta zitzaizkadala zioen bertan. Nire bizitzan gauza arraroak ikusi ditut baina horrelakorik ez. Ni abokatua izanik espetxean neu nintzen kideei helegiteak aurkezten laguntzen niena, eta helegitea epez kanpo aurkezteagatik makina bat aldiz esan digute ezinezkoa zela ezer egitea. Orain ordea, haiek nahi dutenean, eta nahi duten moduan, egiten dituzte gauzak.
Atxilotu nindutenean bete beharreko zigorra 30 urtekoa zen; alta, zigor kode berriarekin gehienezko espetxe zigorra 25 urtetan ezarri zidaten; hori bai erredentziorik gabeko 25 urte, baina une horretara arte lortutako erredenzioak mantentzen zizkidaten. Hortaz 20 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zidaten, hain justu, urtarrila bitarte bete nuena. Baina orain Parot jurisprudentzia agertu da.
Nire auzian bi elementu nahasten dira. Printzipio guztien kontra eta epez kanpo hartutako erabaki bat eta «Parot doktrina», nitaz gain kolektiboko kide askoren kontra ezarritako zigorra.
Eta etorkizunean zer gerta daiteke?
Ez dakit zer gerta daitekeen, helegite bat jarri dugu, baina ez dut inongo konfiantzarik hortik etor daitekeenaren gainean. Lehenengo Auzitegi Nazionalak ebatzi beharko du helegitea, erabakia hartu duen epaitegiak, eta hortik aurrera Auzitegi Gorenera jo beharko dugu. Aurrenekoarekin hiru hilabete gutxienez igaro daitezke, eta bigarrenarekin nahi dutena igaro daiteke. Gainera, hori erabaki arte barruan egon beharko nukeela diote. «Parot doktrina»ren aurrean, protesta eta aurre egitea da dagoen bide bakarra. Bide juridikoek zer emango duten badakigu, ezin dugu horretan jarri gure konfiantza.
Zein helburu ezkutatzen dira Auzitegi Goreneko doktrinaren atzean?
Urteak pasa ahala, gutariko asko kalera irtengo ginela ohartu ziren, eta hori eragotzi nahi zuten, bitarteko zibil zein militarren bidez. Ukazio horren elementu argigarriena «Parot doktrina» da. Kode Zaharraren arabera epaitutako presook geure kondena bete ahala erredentzioen bidez zigorra murriztu dezakegu. Hogei bat urtez iraun du kode horren baitako funtzionamenduak. Ondoren, euskal preso askok kondena osorik beteko ez genuela ohartuta, erredentzioak kendu eta azken uneraino bete beharra inposatzen dute. Baina nola da posible, hogei urtez legala izan dena orain ez izatea? Eta horri erantzuteko gainera, 20 urtez tronpatuta ibili direla esaten dute. Ikaragarria da, aluzinantea.
Zein eragin du neurri honek euskal presoengan?
Imajinatu, hogei urte espetxean daramatzan pertsona bati ateratzear dagoenean hamar urte gehiago preso eman beharko dituela esatea. Ez dut hitzik aurkitzen egoera hori definitzeko. Politikoki uler dezakezu, herri baten borrokaren parte zarela... baina maila pertsonalean... izugarria da. Zure familia zain dago, zuk ere, nahi gabe, etorkizunerako planak dituzu; eta azken unean, gozokia ezpainetan duzula, gozokia kendu eta hamar urteko zigorra ezartzen dizute. Gogoan dut Jose Ignacio Gaztañagari gertatutakoa; hari, atera baino bi egun lehenago esan zioten 12 urteko espetxealdia gelditzen zitzaiola.
Espetxean jipoiak jasotzea baino okerragoa, zalantza edo beldurra edukitzea da. Biharko egunak zer ekarriko duen ez jakitea... Orain, gainera, ateratzear zaudenean ere ez dakizu muga hori ere kenduko dizuten. Izua ematen du.
Hiltzeko beste era bat da hau. Gutako asko adinduak gara, urte luzez bizi baldintza gogorrenetan bizi izan gara, asko gaixorik daude... guztiok pentsatzen dugu kartzelatik aterako garela, hori pentsatzea ezinbestekoa dugulako, baina ziur nago gutako asko ez direla kalera aterako. Heriotza zigorra da hau.
Nik 20 urteko esperientzia dut espetxean. Ondo jasan dut baina, kartzelan ez dakizu inoiz zer gerta daitekeen hurrengo egunean. Burua ondo jantzia dudala uste dut baina, txarto dauden beste lagunak ikusita, bihar zuri ere gerta dakizukeela pentsatzen duzu, eta horrek beldurra sortzen du. Beste kide askori 12 urtez ere luzatu diote zigorra baina nire beldurra, nahiz eta lau urte izan, ea jasango ote dudan da.
Nola deskribatuko zenuke espetxe politikan hogei urte hauetan izandako bilakaera.
Gure amak bi seme izan ditu eta biak preso egondakoak; anaia Francoren garaian egon zen, eta amak beti errepikatzen du frankismo garaian askoz hobe bizi zirela euskal preso politikoak.
Gaur egungo bizi baldintzak oso oso gogorrak dira. Ni 1987an atxilotu ninduten, beti egon naiz herritik urrun, baina hasieran, euskal presoak nahiko elkarturik geunden. Ondoren, 1989an sakabanaketa etorri zen, eta bakartzearekin batera baldintzak ere gogortu ziren, lehenengo graduan sartu gintuzten guztiok. Nik bi orduz nuen patioa eta beste 22 orduak ziegan igaro behar izaten nituen, bakarrik. Senideekin eta funtzionarioekin soilik hitz egiten nuen. Pentsa, hitz egiten ere ahazten ari nintzela esaten zuten senideek, eta hori ekiditeko bakarrik hitz egiten nuen.
Espetxeek bertako presoen lagun eta senideekin duten harremana zaindu eta bermatu behar dutela esaten dute legeek. Baina zaindu? Oztopatu besterik ez dute egiten. Telefono deien eta eskutitzen kontrola ezartzen digute, azken urteetan bisitak izateko aukera ere ukatzen digute, sei hilabetetarako hamar lagunen zerrenda ezarriz.
Preso gaixoen afera ere hor dugu, gaixorik dagoen pertsona bat espetxean mantentzea maltzurkeria da. Pentsa, nik kartzelan pasa dudan bakarra koliko nefritiko bat izan da, eta bi aste horiek nire ibilbideko gogorrenak izan ziren. Gotzone Lopez de Luzuriaga ezagutzeko aukera izan dut eta emakume hori espetxean mantentzea... hori ez da egiten. Gaixo zaudenean, izugarri sufritzen duzu, baina zeure buruarekin baino gehiago, kanpoan daudenekin kezkatzen zara.
Sakabanaketa, dispertsioa, bizi baldintzen gogortzea... zein helburu du estrategia honek eta lortzen al du?
Espetxeak bakartu egin nahi zaitu, bai kolektiboarengandik bai eta gizartearengandik ere, dituzun lotura guztiak hautsiz. Helburua argia da, pertsona suntsitu eta birrintzea. Daukagun kontzientzia politikoa galtzera bultzatu nahi gaituzte, «garaitu naute, ezin dut gehiago, barkatu baina etxera joan nahi dut» entzun nahi dute geure ahotik. Hori da lortu nahi dutena, baina esperientzia nahiko negatiboa dute, damutze prozesuak izandako arrakasta oso txikia izan baita. Gehiago esango nuke, baztertua daukate itxaropen hori.
EPPKren egoeraz ere asko hitz egiten da, baina bere osasuna praktikak berak erakusten du; kolektiboan egon diren damutzeak oso gutxi izan dira. Oso jende desberdina biltzen gara bertan, bai zonalde, bai eta praktika militante desberdinekoak; baina horren gainetik, gure artean dagoen kohesioa oso handia da. Bizi baldintza oso oso gogorretan lortutako kohesioa da gainera.
Nola egiten zaio aurre ordea, horrelako muturreko egoerei?
Bakoitzak formula bat du, baina orokorrean irautea, irautea eta irautea da metodoa; eta beti txarrena espero duzula, biharko egunak opa dizuna txarra bada ez erortzeko. Zeure burua defendatzen ahalegintzen zara, une oro nor zaren eta zergatik zauden horrela gogoratuz. Bizi duzun egoera gogor horrek, zentzua duela esaten diozu tinko zeure buruari.
Nola kalifikatuko zenuke, sentitu duzunaz aparte, zurekin eta beste hainbat presorekin egiten ari diren hau guztia?
Badakit borroka batean, alde bakoitzak bestea ahal duenean jotzen duela; baina zinez Estatu espainoleko egoerak kezkatu egiten nau. Egia da, injustizia nabarmena dela doktrina berri hau, eta guk gogotik sufritzen ditugula erabaki horren ondorioak; baina astakeria juridiko hau egiten duena berez degradatzen da. Boterean daudenak eta legeak egiteko ahalmena ere euren esku dutenean, ez dituzte beraien legeak ere betetzen. Ez da zinismoa, benetan arduratzen nau Estatu espainolean horrela bizitzea. Zulo horretatik berdemokratizatzea ez da erraza, horrelako astakeriak egiteko gai denak ez du amaiera onik izango, ziur. Gainera, injustizia horien aurrean entzungorrarena egitea harrigarria gertatzen zait. Eta horrelakoxeak hemen ere baditugu, EAJ ere injustizien aurrean isilik geratzen da; ez isilik bakarrik, ilegalizazioaren aferan kasu, egoeraz baliatu egiten da.
Hogei urteren ostean nola aurkitu duzu Euskal Herria, zein egoerarekin egin duzu topo?
Hainbat gauza asko aldatu dira, ni bilbotarra izanik nire hiria asko aldatu dela esan beharra dut; esaterako, rotondek txundituta utzi naute, herri guztia rotondaz josi dute!... Ez, egia esan, espero bezala aurkitu dut. Beti esaten da lehen jende gehiago mugitzen zela, baina hori ez da horrela, frankismo garaian ere lau katu mugitzen ziren, eta gero gauzak ondo joanez gero, jendea batzen zen. Oso egoera politiko gogorra ikusten dut. Estatu espainolak ez badu ikusten eta onartzen hemen erabakitze eskubidea duen herri bat dagoela.... asko hitz egin dezakegu, posizioak hurbildu... baina konpontzeko borondaterik ez dago, hori argi dago. Arazoak, sakonera joz konpontzen dira eta Euskal Herrian ere, erabakitze eskubidea errespetatzea da bidea. Erraza da, baina askok ez dute horretaz konturatu nahi.
Ezkor nagoela dirudi, baina txiste baten bidez azaldu nahiko nuke nola ikusten dudan Euskal Herriaren aldeko borroka: «Tipo bati galdetzen diote ea zer den munduan gehien gustatzen zaiona, eta honek pokerrean jolastea eta galtzea dela erantzuten dio; besteak harrituta, irabaztea zergatik ez ote zaion gustatzen galdetzen dio, eta barrez erantzuten dio hori ia sekulakoa izango zela», kar, kar. Horixe da nik uste dudana, Euskal Herriaren alde jokatzeak bakarrik merezi du, ez dakigu etorkizunak zer opa digun, baina saiatzen ez bagara triste geldituko gara. Beharrezkoa da jokatzea.
Zein mezu helarazi nahiko zenieke euskal herritarrei eta euskal alderdi politikoei?
Hainbat alderdi politikorengan konfiantza galdu dut; hala ere, hainbestetan errepikatzen badute demokratak direla, EAJ edo EA adibidez, Estatu espainolak bere funtzionamendu juridikoaren oinarriak suntsitzen ari denean, ezin dira isilik gelditu; ezta mezu sasi deskaifeinatuak egiten aritu. Herritarrei aldiz, pokerrean jokatu behar dela esan nahi diet, jokatzeak merezi duela. Gure ideiak eta gure herriaren askatasunak merezi du; arraroa izan daiteke, baina hori da gure ametsa eta bizitza ilusioren batekin bizi behar dugu; eta horixe bada gurea, ba aurrera! Ez dugu besterik.