«Erresistentzia garaian, lana» eskatu dute Zornotzako presoek
Juan Jose Legorburu eta Joseba Etxezarreta Zornotzako presoek «erresistentzia garaia» datorrela esan dute, eta horren aurrean «bakoitzak lan apur bat egitea» eskatu dute. Biek idatzitako gutunak irakurri ziren atzo beren auzokideek deitutako ekitaldian. Legorburuk 22 urte bete ditu kartzelan eta Etxezarretak 10, eta bientzako askatasuna eskatu dute.
Kepa PETRALANDA |
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, Juan Jose Legorburuk eta Joseba Etxezarretak kalean aske egon beharko lukete, hurrenez hurren, 2001 eta 2006 urteez geroztik; ordurako zigorraren hiru laurdenak beteak baitzituzten. Legorburuk 22 urte daramatza preso, eta egun Valentziako kartzelan dago; Etxezarreta, berriz, Pontevedrako espetxean dute preso eta hamar urte bete ditu kartzelan.
Zornotzako auzokide eta lagunek bien askatasuna eskatzeko ekimena antolatu zuten atzo. Hainbat lekutan, Euban, Ganen, Ojenbarrenan, San Pedro Kalbario eta Andra Mari plazetan, elkarretaratzeak egin zituzten eguerdian. Ehunka pertsona bildu ziren ondoren Zornotzako Herriko plazan ekimenari bukaera emateko.
``Legor eta Joseba etxera. Aski da!'' leloa zeraman pankartaren aurrean bi presoen senideak jarri ziren, herriko gainerako presoen argazkiak inguruan zituztelarik. Sei dantzarik aurreskua dantzatu ondoren, lore sorta bana eta muxuak eman zizkieten Legorburu eta Etxezarretaren senitartekoei. Ekitaldi xume batean, bi presoek idatzitako gutunak irakurri zituzten ondoren; biek emandako mezua berdintsua zen: «Erresistentzia garaiak datozkigu eta horren aurrean bakoitzak lan apur bat egin beharra du».
Kartzelan denbora gehien daramanak honakoa zioen: «Erresistentzia garaia datorkigu, baina hori politikoki ezin dugu interpretatu txepel edo makur antzean jokatu behar dugunik». Helburuak «lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea» direla aipatu ondoren, prozesuaren zutabe bi horiek konponbidean sartu aurretik bakoitzaren lana apur bat ematea dela eta guztioi dagokigula eustea esaten du.
«Jauntxoek euren interesak gordetzeko auzolan hitzari muzin egiten diote; beste batzuek gureak egin duela diote, baina lurra goldatu ezean ez dago uztarik eta lurraren iraulketan beti ez da izaten eguzkialde, euria zein txingorra ere agertzen dira, eta hortxe dago gakoa», dio Juan Jose Legorburuk bere gutunean.
«Egoera gordina»
Horren ostean, Joseba Etxezarretak idatzitakoa irakurri zuten Zornotzako ekitaldian. Goiz osoko ekimenean parte hartu zuten guztiei «agur bero bat» bidali ondoren, Euskal Herrira «errepresio garaia» eta «egoera gordinak» heltzen ari direla aipatzen du presoak bere idazkian eta horren aurrean «erresistentziarako» deialdia zabaldu zuen. Duela gutxi Jone Goirizelaia abokatuak esandako hitzak goraipatu zituen ondoren Zornotzako preso honek, «batzuetan ehun metroko lasterketatzat hartu dugu maratoiaren antzekoa den lasterketa luzea» esanez eta horren aurrean, «herrien askatasuna luzea izan da gehienetan» ¯gogoratu zuen Joseba Etxezarretak¯ «eta horregatik ezagutu dute askatasunaren aldeko borroka belaunaldi desberdinek. Hori da Euskal Herrian gertatzen ari dena». Amaieran zera dio preso politikoak: «Azkenean, nahiz eta luzea izan, garaipena disfrutatuko dugu».
Zornotzako bi preso hauek bidalitako mezuak irakurri ondoren, ``Euskal presoak etxera'' leloa oihukatu zuten Zornotzako Herriko plazan, ``Eusko gudariak'' kantatu aurretik. ``Gora euskal errepresaliatu politikoak'' leloarekin eta bertaratukoei eskerrak emanez bukatu zen ekitaldia.
Sei dantzarik aurreskua dantzatu ostean, lore sorta bana eta muxuak eman zizkieten Legorburu eta Etxezarretaren senitartekoei, ekitaldi xume batean.