GARA > Idatzia > Eibar

Aurkari zuzenari egingo diote bisita gorri-urdinek

Lasaitasuna eta inertzia bolada amaigabearen aurka

Eibar mantentzea oso hurbil jar dezakeen garaipena lortzen saiatuko da

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Javier Mandiola nekatuta dago bi astero kontu berbera entzuteaz. Baina abestiak zioen bezala, `horrelakoa da bizitza'. Eibarren etxetik kanpoko ibilbidea benetan makala da, eta istorio amaigabea dirudien bolada honen azken orria idatzi arte, derrigorrezkoa dirudi berari buruz aritzeak.

Bost hilabete eta erdi, gutxiagorik ez, darama talde gorri-urdinak Ipuruatik urrun garaipena lortu barik. Azkenaldian, gainera, okerrera egin du, Tarragonan, Sevillan eta Granadan ez baitu puntu bakar bat ere lortu. Etxean, zorionez, egoera alderantzizkoa da, eta horri esker armaginek oso hurbil daukate dagoeneko mantentzearen helburua.

Lasaitasun hori aprobetxatu nahi dute gaurkoan, Salamancaren larritasunari kontrajarrita, baita joan zen larunbatean lortutako garaipen ikusgarriaren inertzia ere. Hori guztia aprobetxatuz gero, saria bikoitza izango litzateke gipuzkoarrentzat: alde batetik, 43 puntuak lortuko lituzkete -beste bi garaipen besterik ez lituzkete lortu beharko hurrengo hamaika jardunaldietan- eta, bestetik, aurkari zuzen bat atzean utziko lukete.

Zoritxarrez, aurrekariek Eibarren kontra egiten dute kasu honetan ere; badirudi talde gorri-urdina «erdi hilda dauden aurkariak berpizten espezializatu» dela, Manixek onartu zuenez. «Ferrolekin gertatu zaigu, Nasticekin ere bai, eta oraingoan ez errepikatzea espero dugu», gaineratu zuen, azken hamaika norgehiagoketan garaipen bakarra lortu duen Salamancaren egoera gogoraraziz.

Han, bestetik, Eibarrek bisitari gisa duen ibilbideak ez du inolako konfiantzarik sortzen. Manixek berak aldarrikatzen duen bezala, Juan Ignacio Martínezen esanetan armaginek «ez dute beren errendimendua jaisten. Kontua da oso zaila dela etxetik kanpo puntuak ateratzea. Eibar oso talde praktikoa da eta gainditzeko oso zaila, bere jarrera defentsiboaren ondorioz. Kontuz ibili beharko dugu».

SALAMANCA - EIBAR
Min hartu arren, Herrerak jokatu zuen

Eguneko ezustekoaren protagonista izan zen atzo Manu Herrera, asteko azken lan saioan min hartu baitzuen atzamarrean.

Atezainak Mendaroko ospitalera joan behar izan zuen eta bertan fisura bat zuela ikusi zuten; hala ere, Salamancarako deialdian sartu zen.

Izan ere, ozta-ozta bete ahal izan zuen Javier Mandiolak zerrenda, hainbat jokalarik baitituzte arazo fisikoak, Joseba del Olmo, besteak beste. Bizkaitarrak aste batzuk daramatza kili-kolo mokorrean duen minaren ondorioz, eta entrenatzaileak atseden ematea erabaki du, arazoa handitu ez dadin. Natxo Insa ezkerraldean moldatzen ez dela ikusita, Manixek Zamora jar dezake, lehen aldiz, hamaikakoan, Del Olmoren lekuan. Alacantekoa, hala ere, taldera itzul daiteke, Altuna ordezkatzera.

Del Olmorekin batera, Manel, Etxabe, Martino eta Gurrutxaga geratu dira Eibarren, min hartuta, baita Xabi Eizagirre ere, kasu honetan entrenatzailearen erabakiagatik.

Zorte gehiago izan du Txikik, arazo fisikoak gainditu eta Salamancara joan ahal izan baitu. Badirudi, beraz, lau gizonek osatutako defentsari eutsiko diola Manixek bigarren astez jarraian.

A.U.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo