Binakako Txapelketako finala
Txapeldun berri bat jaiotzear dago Gasteizko Ogetan
Olaizola II.a eta Titin lagun dituztela, Mendizabal II.a eta Laskurain final handi batean estreinatuko dira gaur
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Aimar Olaizolaren lehen txapela Binakakoan ala Titinen laugarrena. Oier Mendizabalen balentria edo Aritz Laskurainen berrespena. Galdera hauen erantzuna jakiteko gaur gauera arte itxaron beharko dute zaleek, Binakako Txapelketako finala arratsaldean jokatuko baita Gasteizko Ogetan (18.00, ETB-1).
Gorriek zein urdinek irabazi, pilota munduak txapeldun berri bat ezagutuko du. Izan ere, txapelketan zehar lan txukuna egin ondoren, finalean arituko diren bi atzelarien lehen hitzordu handia baita gaurkoa. Beraz, Oier Mendizabalek eta Aritz Laskurainek partida bakar batera dute ametsa.
Bietako batek jantziko du txapela, ur handitan igeri egiten hobekien moldatzen den pilotariak ziur asko. Presioa jasateko gai izango diren ikusteko dago, baita Ogeta bezalako pilotaleku zail bati neurria nork hartuko lehenago jakiteko ere. Atzelarientzat zailtasun berezia omen du Gasteizko frontoiak, bi pilotari gazterentzat final batek eragin dezakeen urduritasunaren tamainakoa.
Añorgakoak eta Soraluzekoak, baina, lasai daudela nabarmendu zuten osteguneko material aukeraketan. Gainera, partida ez dela atzean zertan puskatu aurreratu zuten. «Urduritasunak eta tentsioak eragina izan dezakete, baina nire ustez giltza aurrelariek izango dute, errematatzeko pilotak dituzten neurrian», azaldu zuen Oier Mendizabalek, eta beretzat finalean egotea «sari bat» dela nabarmendu zuen.
Laskurain iritzi berekoa zen. «Logikak atzelariak lau pilotarien artean ahulenak garela dio. Egia izan daiteke, baina ni lasai nago orain arte egindako lanak emaitza izan duelako», adierazi zuen Aspeko pilotariak.
Ikuskizuna aurreko koadrotan
Azken egunetan atzelarien esperientzia ezaz asko hitz egin den arren, zale gehienen begirada aurreko koadrotan egongo da. Hain zuzen ere, Aimar Olaizolaren eta Titinen arteko lehiak ikusmin handia sortu du. Triciokoak irabazi dituen lau txapeletatik hiru Ogetan lortu ditu. Frontoiak bere trebetasunekin bat egiten du, zalantzarik gabe. Horretaz baliatu nahi izango du gaur Binakako laugarren txapela janzteko.
Horretarako, errioxarrak Binakakoan inoiz baino hobeto ibili den Aimar Olaizola gainditu beharko du. Oso lan zaila, Goizuetakoa sasoi bikainean baitago. Arrakastaz gauzatzen ohi duen lan zikinaz gain, ikuskizuna eskaintzen ari da nafarra. Errematez eta tanto ederrez osatutako finala ikusteko aukera biderkatzen du horrek.
Olaizola anai gazteenak, gainera, Binakako Txapelketa irabazi nahi du behingoz. Bi final jokatu ditu orain arte, baina txapela janztea zer den ez daki oraindik. Irabaziz gero, hiru handietan txapelen bat lortuko lukeen laugarren pilotaria izango litzateke. «Hirugarren aukeran txapela lortzea espero dut. Dena den, gaztea naizen neurrian, pentsatzen dut aukera gehiago izango ditudala galduz gero. Garrantzitsuena hemen egotea da», adierazi zuen Aimar Olaizolak, eta Titinek partidak oso indartsu hasten dituela nabarmendu zuen.
Triciokoak, bestalde, finalari garrantzia kendu nahi izan zion. «Ondo prestatu gara eta zaila izan arren ondo pasatzen saiatu behar dugu. Hau joko bat da», adierazi zuen.
Materialari dagokionez, Punpako sei pilota aukeratu zituzten. Titinen eta Laskurainen pilotak mugitzeko zailagoak dira; Aimar Olaizolaren eta Oier Mendizabalenak, biziagoak.
Gaurko finala irabaziz gero, Titinek Binakako laugarren txapela jantziko luke. Aurreko hirurak Oscar Lasa, Fernando Goñi eta Fernando Arretxe atzelariekin lortu zituen.
Buruz buruko eta Lau eta Erdiko txapelduna bada ere, Aimar Olaizolak ez du sekula Binakakoa eskuratu. Gaur irabaziz gero, bere lehenengo txapela lortuko luke Binakakoan.
Gaubeka y Galán se llevaron ayer el Campeonato de Euskadi de pala profesional por parejas, tras derrotar con toda justicia a Fusto y Beldarrain por 45-39. El partido se rompió tras el abrazo en el cartón 24, merced a un parcial de 11-1.