Izotz hockeya
Hormadi eta Gasteiz koparik gabe geratu dira
J.L. | DONOSTIA
Hormadi eta Gasteiz Koparik gabe geratu dira, ez batak eta ez besteak ez baitu lortu finalean izateko txartelik. Larunbatean eta igandean Puigcerdan izan da lehiaketa honen azkeneko fasea.
Zozketak zortea eman zion Gasteizi, izan ere, ustezko talderik ahulenaren aurka jokatzea egokitu baitzitzaien, Bartzelonaren aurka, alegia. Hala ere, aukera ez zuten aprobetxatu Gasteizkoek, eta galdu egin zuten
Arabarrak oso ongi hasi ziren jokatzen, eta lehen zatian nagusi izan ziren izotzaren gainean, eta markagailuan aitzinetik zirela joan ziren lehen atsedena hartzera, markagailuak 1-2koa erakusten zuela. Bigarrenean, ordea, katalanak nagusitu ziren; lau gol egin zituzten, eta bakarra Gasteizek. Azkeneko zatian ere Bartzelona izan zen nagusi, eta 2-1 irabazi zuen. Azkenerako, 7-4koa erakusten zuen markagailuak.
Hormadik zorte txarra izan zuen, Puigceredarekin jokatu behar izan baitzuen finalerdia, Ligako finala galdu zuen taldearen aurka, alegia. Denboraldi honetan ezin izan zieten Gironakoei irabazi, eta Kopan ere ezin izan zuten. Lehen bi laurdenetan erabaki zuen Puigcerdak, 5-3 eta 2-0ko partzialak lortu baitzituen. Azkeneko zatia 2-2 amaitu zen, baina Puigcerdak 9-5 irabazi zuen.
Finalean Puigcerdak ez zuen aparteko arazorik izan Bartzelona mendean hartzetzeko, eta Liga bezalaxe, Kopa ere beraientzat izan da aurtengo denboraldian.