Liga Federala
Maulek Lehen Mailari eusteko urratsa eman du
Nafarroari derbia irabazita Nafarroa Behereko taldea egoera larrian geratu da. Falta diren partidak irabazita ere, arazoak izango ditu
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Maulek Liga Federaleko Lehen Mailari eusteko urrats garrantzitsua eman zuen Nafarroari derbia irabazita. Nafarroa Beherekoak, aldiz, kinka larrian dira. Donibane Lohizunek, ostera, Pro 2rako igoera fasean galdu egin zuen, eta atzerapausoa eman zuen.
Eguraldi txarrak ez zuen inor atzeratu, eta 2.000 ikusletik gora batu ziren Mauleko zelaiko harmailetan, Liga Federaleko Lehen Mailako jaitsiera faseko derbia ikusteko. Maulek ez zuen barkatu eta 13-7 hartu zuten mendean Nafarroa.
Zelaiaren egoera kaskarrak baldintzatu zuen norgehiagoka, euriak zelaia urez erabat bete baitzuen; ondorioz, bertan jokatzea ez zen batere samurra izan. Etxekoek oso indartsu ekin zioten partidari, eta bigarren minuturako Giressek lortu zuen zuri-gorrien lehen entsegua, eta baita Bouillonek transformatu ere. Jokalari horrek berak oso denbora laburrean beste bi zigor kolpe ere gauzatu zituen, eta 13-0koa jarrai zuen markagailuan.
Bazirudien Maulek partida erraza izango zuela, baina hori-gorriak suspertu egin ziren, eta markagailua mugitu gabe eusteko gai izan ziren, nahiz eta beraiek ere ez zuten aukera gehiegirik sortu. Partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela, zigorren ondorioz entsegu bat jaso zuen Maulek, eta Iturririak transformazioarekin ez zuen hutsik egin, markagailuan 13-7koa jartzeko. Azkeneko minutuetan saiatu arren, etxekoek emaitzari eutsi egin zioten. Emaitza honekin, Maulek mailari eusteko urrats handia eman du, eta Nafarroak geratzen diren bi partidak irabazi beharko ditu, eta ezinbestean, beste emaitza batzuen zain egon.
Pro 2rako igoera fasean, Donibane Lohizunek garrantzi handiko partida zuen, baina huts egin zuen, eta atzerapausoa eman Pays D'Aixen 25 eta 13 galdu ostean. Indaburuk lortu zuen euskaldunen entsegua, eta Elizondok bi zigor kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen. Berde-gorriek ez zuten partida txarra egin, baina azkeneko minutuetan behera egin zuten, eta hantxe joan zitzaien norgehiagoka.
Ohorezko B Maila
Asteburu honetan hasi dira Ohorezko B Mailarako igoera faseko partidak ere, bertan bi euskal talde ari dira, eta lortutako emaitzak oso onak izan dira.
Atletico San Sebastianek A Coruñan jokatzen zuen, eta 15 eta 27 lortu zuten garaipena, mailaz igotzeko lehen urratsa emanez. Datorren asteburuan Donostian jokatuko dute, eta kanporaketa honek Atleticori ihes egitea zaila ematen du. Eibarrek ere irabazi egin zuen Hospitaleten aurka 11 eta 3, eta hauek ere itzulerakorako partidarako badute itxaropenik.
Donibane Lohizune Pro 2rako igoera fasea jokatzen ari da, baina gorri-berdeek galdu egin zuten. Horren ondorioz, helburua lortzeko asmoak apur bat okertu zaizkie.
Atletico San Sebastian eta Eibar Ohorezko B Mailarako igoera fasea ari dira jokatzen. Donostiarrek garaipena erdietsi zuten A Coruñan, eta eibartarrek gauza bera egin zuten etxean.