Tabakalera, «ikus-entzunezkoen kultura fabrika» bihurtzeko bidean
Azken hiru hilabeteetan bileraz bilera ibili eta gero, atzo aurkeztu zuten Lakuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatutako akordioa. Hitzarmen honek Tabakaleren behin betiko proiektuaren nondik norakoak finkatuko ditu, eta horretarako «Gipuzkoako zerbitzu kulturalak berrantolatu eta bat egin» dituzte. Horiek hala, akordioak Koldo Mitxelena Kulturunea Euskadiko Liburutegiren egoitza bilakatzea aurreikusten du, besteak beste.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Lakuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak atzo aurkeztutako akordioak etorkizuneko Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroaren, hots, Tabakaleraren nondik norakoak finkatuko ditu. Miren Azkarate Lakuako Kultura Sailburuak argitu zuenez, hori lortzeko Gipuzkoa osoko ikus-entzunezko kultur zerbitzuak «berrantolatu eta bat egin» dituzte. Atzoko aurkezpenarekin 2007ko abenduan aurreratutako Plan Eragilea osatu dute.
Horiek hala, egitasmo berriaren kokalekua, esan bezala, Egia auzoko Tabakalera izango da eta Donostiako alkateak, Odon Elortzak, esandakoaren arabera 2013rako bete-betean egongo da lanean. 2016rako, hain zuzen ere, hiria Europako Hiriburu Kultural izendatu nahi dutenerako, dena prest edukiko dute. Elortzak, gainera, Tabakalera ingururako berrantolaketa urbanistikoa ere prest dutela azaldu zuen.
Tabakalerako zuzendariak, Joxean Muñozek, akordioak zentroari «erabateko bultzada» emango diola esan zuen.
Hitzarmenak aurreikusitakoaren arabera, egun Koldo Mitxelena Kulturunean egiten diren erakusketak Tabakaleran izango dira aurrerantzean ikusgai, baita Arteleku bera ere, nahiz eta Azkaratek esan zuenez, azken horrek orain arte izan duen programazioari eutsiko dion. «Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroak programazio hori trebakuntza programekin, hausnarketekin, sormen lanekin eta erakusketekin osatu beharko du», gaineratu zuen Azkaratek.
Aipatutako bi zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira, eta bertako «medioak eta giza baliabideak» ere Tabakaleraren esku geratuko dira «egun eskaintzen dituzten egitasmoei geroa eta garapena emanez», esan zuen Azkaratek.
Foru Aldundiak Koldo Mitxelena Lakuaren esku utziko du bere baliabide teknologiko, zein liburutegiko funts historiko eta pertsonalarekin batera.
Euskadiko Liburutegia
Koldo Mitxelena hortaz, Euskadiko Liburutegiaren egoitza izango da. Halaber, Donostiako Udalak, dagokion digitalizazio plana adostu ondoren, Euskadiko Liburutegiaren esku jarriko du bere liburutegi ondare historikoa -Mandas Dukearen funtsa zein hemeroteka digitala-.
Azkenik, Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroaren Mediatekak, berezkoa duen ikus-entzunezkoen alorreko dokumenazio zerbitzua eskaintzeaz gain, bere baitan hartuko ditu ikusizko kultura garaikidearekin lotura duten Koldo Mitxelenaren eta Artelekuko Dokumentazio Zentroaren funts dokumentalak. Era berean, Donostiako Udal Liburutegi Sareko funtsen ardura ere hartuko du, beharrezkotzat jotzen badute.
Mediateka osatzea egokia den ala ez ere aztertuko dute. Hala iritziz gero, Gipuzkoako eta Donostiako hirirako irakurketa publikoaren sarearen buru izango dira.
Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia ere aurkezpenean izan zen, eta honek aurki gauzatuko den egitasmoari buruz adierazitakoaren arabera, Tabakalera «ikus-entzunezko kulturaren fabrika» bihurtuko da etorkizunean.
Gipuzkoako Foru Aldundia izan da akordioak aurrera egin dezan kontzesio gehien egin dituen erakundea. Gipuzkoako Diputatu nagusiak, hala ere, akordioa «lidergo konpartituaren» adibidetzat jo zuen, eta honen guztiaren atzean helburu politiko zein ekonomikoak ere badaudela adierazi zuen .
Donostiako Udala Euskadiko Filmategia Fundazioko batzordean sartuko da; horiek izango dira Donostia Kulturako Zine Unitatearekin batera Tabakaleraren muina .