GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Martin Mantxo Ekologistak Martxan taldeko kidea

Errepresio globalizatua

Atzera begira jarrita, orduan praktikan eman zena demokrazia deitzen diren horietan ezezaguna zela esan daiteke: zentsura, egunkarien itxiera, alderdien ilegalizazioa, politikarien espetxeratzea, adierazpen askatasunaren murrizpena...

Hauteskundeen ondoren, behin PSOEren garaipena baieztatuta, komunikabideen ospakizuna etorri da. Adibidez, telebista saio batean Patxi López komunikabide espainiarren ordezkaritza baten galderak erantzutera gonbidatu zuten. Betiko galderak: «terroristekin elkartu zineten», «konfirmatu terroristak direla», «espetxean egon behar dutela» eta abar. López ezeroso zegoen, eta «zerrendetan daudela» erantzun zien. Ez hauteskundeetako zerrendetan, bestelakoetan baizik.

2001eko Irailaren 11ko gertaeren ondoren, errepresioa beste maila batera igo zen. Munduan zehar gobernuek gatazkei aurre egiteko terrorismoaren aitzakia erabili zuten. Edonon Osamak zeuden: Gerry Adams zen bat, Arafat beste bat... eta ordura arte «normal» aritzen ziren erakunde asko mehatxu internazional bihurtu ziren. Hori zela-eta, Aznar bizkor ibili zen Bush eta Blairrekin bat egiteko, Azore uharteetako argazkian sartzeko. Berak Bushen «war on terror» delakoa bereganatu zuen, eta Afghanistan eta Irakeko gudak bultzatu zituen (orain ez dela damutzen dio). Ordainetan, Bush eta Blairrek Aznarren errepresioa legitimatu zuten. Atzera begira jarrita, orduan praktikan eman zena demokrazia deitzen diren horietan ezezaguna zela esan daiteke: zentsura, erakundeen debekatzea, egunkarien itxiera, alderdien ilegalizazioa, politikarien espetxeratzea, adierazpen askatasunaren murrizpena... Hauei gehitu bestelako praktikak, hala nola tortura.

Diktaduratik atera berria zen Gobernu espainiarrentzat errepresio hori aurrera eramateko epaitegien babesa ezinbestekoa zen, baina mundu mailako babesa lortzea zen garrantzitsuena. Aznarrek lortu zuen hori. Gero Zapaterok bide horri eutsi dio. Irailaren 11 pasatu, eta hilabete eskasera AEBetako Gobernuak lehenengo zerrenda internazionala argitaratu zuen. Bertan 28 erakunde agertzen ziren. Al Qaida 21.a zen, baina ETA 5. postuan zegoen. 2002ko otsailean AEBetako Gobernuak beste zerrenda bat argitaratu zuen, pertsonen izenekin bakarrik -denak euskaldunak-. Haietatik inor ez zen ETAkoa, baina guztien aurrekontuak gelditzea agintzen zen bertan. 2003ko maiatzean Batasuna ere AEBetako talde terroristen zerrendan sartu zuten, eta harekin batera EH eta HB. 2005ean zerrenda eguneratu egin zuten. Bertan ETA 13.a zen. Literalki hau gehitzen zuten: «Hurrengo erakundeak ETA taldearen parte dira: KAS, Xaki, Ekin, Jarrai-Haika-Segi, Gestoras pro-Amnistia, Askatasuna, Batasuna (bestela Herri Batasuna, bestela Euskal Herritarrok)». Beraz, AEBek zehatz-mehatz egiten zuten bere espainiar Gobernuaren errepresioa. Erresuma Batuan 2006an Terrorismo Legea onartu zuten eta bertan zerrenda bat ekoiztu zuten. Berdina.

Ekuadorren, Orellana eskualde amazoniarrean, errepresio ikaragarria gertatu zen iazko azaroan eta abenduan. Eskualde horretan, petrolio konpainien jarduera handia da eta eragin zuzena dute, bai biztanleengan, bai ingurumenean. Rafael Correa lehendakari hautatu zuten, baina hangoentzat aldaketarik ez du ekarri. Azaroaren 27an Gobernuak salbuespen egoera agindu zuen eta 30ean Armadak Dayuma hiriari eraso egin zion, etxeetan sartu eta jendea kanporatuz eta jipoituz. Abenduaren 2rako 100 bat atxiloketa izan ziren. Basakeria itzela izan zen. Abenduaren 8an Orellanako gobernaria bera atxilotua izan zen. Correak Abenduaren 18an salbuespen egoera bertan behera uztea erabaki zuen promesa askorekin batera. Oraindik 27 bat preso zeuden. Espetxeetan hilabeteak eman zituzten Nazio Segurtasun Legea (lege antiterroristaren antzekoa) aplikatuta. Denei prebentziozko espetxealdia aplikatu zieten, iraunkorra, nahiz eta epaitu ez. Ezaguna guretzat. Llorik ere espetxean jarraitzen zuen. Bere delitua: salbuespen egoera gainditzeko militarrekin bilera antolatzeko ahalegina. Horregatik «terrorismo jardueraren egile intelektuala izatea» leporatu zioten. Martxoan bere aurkako epaiketa hasi da.

Txilen terrorismoaren aitzakia disidentziari aurre egiteko ere erabiltzen da, maputxeen aurka hain zuzen. Diktadura 1990ean bukatu zen, baina Pinochetek asmatutako Lege Antiterroristak irauten du. Are okerrago, 2002an aldaketak egin zizkioten, baina delitu berriak tipifikatu zituzten, orain maputxeen kontra erabiltzen diren horiek: sabotajeak, suteak eta bestelako ekintzak. Demokraziaren lehendabiziko hamar urteet an epaitegi militarrak erabiltzen ziren oraindik. Beraz, maputxeek lur eta baliabide lapurretak salatzen dituztenean hori ezartzen zaie eta akabo. Azken egunetan preso maputxeen gose grebaren berri izan dugu.

Bai Euskal Herrian, bai Txilen edo Ekuadorren eta beste herrietan jendearen eskubideak ukatzeko errepresio ikaragarriena bultzatua izan da, metodo sofistikatuenak globalizatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo