Turkiako AKP taldea ilegalizatzeko eskaera aztertuko du Konstituzionalak
Agintean dagoen AKP legez kanpo gera daiteke Auzitegi Konstituzionalak sei hilabeteren epean hala erabakitzen badu. Atzo, Estatuko herri-salatari nagusiak duela bi aste aurkeztu zuen eskaera aztertzea onartu zuen. Sharia ezarri nahi izatea leporatzen diote talde politikoari.
GARA |
Turkiako Auzitegi Konstituzionalak atzo aho batez erabaki zuen Gobernuan dagoen AKP talde politikoa legez kanpo uzteko Estatuko herri-salatari nagusiak egin zuen 162 orrialdeko eskaerari bide ematea.
Abdurrahman Yalçinkaya fiskalak islama bultzatzea eta sekulartasunaren kontra jardutea leporatu dio AKPri. Batetik, buruko zapia unibertsitatean janztea debekatzen zuen araua baliogabetu izana egotzi dio. Bestetik, AKPren agintepeko udalerrietako jatetxeetan alkohola edateko ezarri berri duen debekuaren aurka jo zuen. Yalçinkayaren ustez, Gobernuak Sharia legea oinarritzat duen Estatua eraiki nahi du.
Arrazoibide horiek abiapuntu, AKP legez kanpo utz dezatela eta 71 buruzagiri, tartean Adullah Gül presidenteari eta Recep Tayyip Erdogan lehen ministroari, bost urtez politikan jardutea debeka diezaietela eskatu zuen.
Talde politikoak hilabete du defentsa prestatzeko. Prozesuak gutxienez sei hilabete iraungo ditu. Ilegalizazioa onartzeko epaimahaia osatzen duten hamaika epaileetatik zazpik eman behar dute oniritzia. Gobernuak gogor salatu zuen Auzitegiaren erabakia. «Egun tristea da demokraziarentzat, baita herritarren borondatearentzat ere», adierazi zuen Suak Kinikligluk, AKPko Kanpo Arazoetarako presidenteordeak.
Epaia jakin bitartean, Gobernuak talde politikoak ilegalizatzeko baldintzak gogor ditzakeela ohartarazi zuten hainbat analistak. Horretarako, Konstituzioa aldatu behar luke, baina ez du gainontzeko taldeen sostengurik hori egiteko.
Bestalde, afera honek Europar Batasunean sartzeko negoziazioak kaltetu ditzakeela helarazi zuen EBren zabalketarako arduradun Olli Rehnek.
1960tik hona, Auzitegi Konstituzionalak hogei talde politiko baino gehiago utzi ditu legez kanpo islamarekin edo kurduekin lotura izatea egotzita. Ilegalizazioa onartzeko, hamaika epaileetatik zazpik bozkatu behar dute alde. Epaia sei hilabete barru jakinaraziko dute.