XX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako lanak maiatzak 23ra arte aurkez daitezke
GARA | DONOSTIA
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XX edizioa abian da dagoneko; aurten, hiru izango dira sariak: Sari Nagusia, irabazleak Xabier Laka eskultorearen garaikurra eta 9.000 euro jasoko ditu; Kazetari Berriari eskainiriko saria, garaikurra eta 3.000 euro, eta epaimahaiaren Sari Berezia, sari horren irabazleak 4.000 euro jasoko ditu.
Sariketaren nondik norakoak azaldu zituzten atzo Donostian emandako prentsaurrekoan Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Petri Romero Andoaingo Udaleko Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeburuak, eta Nekane Goikoetxea Andoaingo Udaleko Euskara Teknikari eta Epaimahaiko idazkaria izango denak. «Urtez urte euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren xedeak», gogoratu zuten.
Aurtengo honetan, 2007ko maiatzaren 16tik, 2008ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren lanek, eta epe eta komunikabideotan kazetaritza lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Ez dago genero mugarik eta «euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei» Ohorezko Aipamena egiteko aukera izango du epaimahaiak.
Bestalde, gazteen sariari dagokionean, hautagaitza aurkeztea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten antolatzaileek. Hori, autoreek, komunikabideek edota sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek egin dezake.
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 23an amaituko da eta aurtengo sarituen berri ekainaren 28an izango da.