GARA > Idatzia > Editoriala

Krisiek ez dituzte denak berdin tratatzen

Kontsumo Prezioen Indizeak gora egin du euro gunean, eta Hego Euskal Herrian nabarmen, azken urteetako igoerarik handiena izan baitu. Arrazoiak ere ezagunak dira: petrolioaren eta elikagaien igoera batik bat; baina ezagunagoa da igoeren ondorioak nork pairatzen duen, eta nork ez. Igoera horrek dakarren erosteko ahalmenaren murrizketari, ordea, familia askok hipoteka ordaintzeko duen zailtasun gero eta handiagoa ere gehitu behar zaio. Familia horiek ez dute ehunekorik jakin behar zailtasun horren berri jakiteko; hala ere, argigarria da Euriborraren egungo maila eta duela urtebetekoa alderatzetik sortutako datua: hipoteka ertain bati aurre egin behar dionak ia 650 euro gehiago ordaindu behar ditu urtebetean. Langileen soldatak, ordea, urrun daude igoera horiek berdintzetik.

Egoera kezkagarri hori dagoeneko mundu osoa jotzen duen finantza krisian iritsi da puntu horretara; hala ere, ekonomia gorabeherek ez dituzte denak berdin tratatzen. Aitzitik, Ibex-35en kotizatzen duten konpainiek etekin ezin hobeak lortu dituzte. Paradoxa eman lezakeen horrek, nolanahi ere, sistema neoliberalaren logika erakusten du. Krisi ekonomikoei, hazkundea moteltzeari edo, oro har, arazo ekonomikoei aurre egitea denon erantzukizuna omen da. Hala esaten dute behin eta berriz finantza konpainiek, enpresari elkarteek eta gobernuek. Alegia, oparoaldietan etekinak ez bezala, krisialdietan sakrifizioa sozializatu egin behar dela.

Bidegabekeria hori dirudien baino bidegabeagoa da. Guztiz bidegabea baita arazo ekonomikoen eragina gordinenik jasaten dutenei, elikatzea bera bermatuta ez dutenei, sakrifizioa eskatzea bakan batzuek etekin ikaragarriak lortzen segitzen duten artean. Eta, gainera, estatuen esku hartzea errefusatzen duen finantza merkatuak gustura asko jasotzen ditu haien «injekzioak» (argigarria oso AEBetako merkatuen arautegiaren erreforma). Azkenak, Europako Banku Zentralarena eta Japoniako Bankuarena. Ekonomiaren eta, beraz, denen onerako omen, baina gehienek ez dute onurarik sumatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo