Lurraren espekulazioa salatzeko ibilaldia egingo da Biarritzeko Higiezinen Azokan
Arantxa MANTEROLA |
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan lurraren eta etxebizitzaren espekulazioaren aurka diharduten taldeek protesta ibilaldia antolatu dute apirilaren 26rako, 15.00etan Biarritzen egingo den III. Higiezinen Azokaren karietara.
Merkatuaren «gehiegikerien» ondorioz, lurra «lan tresna izatetik espekulatzeko kapital» izatera igaro dela, eta etxebizitza, berriz, «eskubidea izan arren eguneroko borroka» bilakatu dela gogoratuta, azoka hori egitea «egiazko probokaziotzat» jo dute taldeok.
Egoeraren «erakusleihoa»
Aurreko hilean azokaren antolatzaileei eskatu zieten «tokiko beharrei erantzuten ez dien ekimena» bertan-behera utz zezatela. Alta, haiek ezetzarekin ihardetsi diete eta, horregatik, «egoera gordinaren erakusleihotzat» jotzen duten feria salatuko dute aurten ere.
Herritarrak «ezinean» dabiltzan bitartean, «enpresari batzuek sakelak ederki betetzen» dituztela adierazi dute, Biarritzen bilduko diren banketxe, Higiezin-agentzia, promotore, notario eta abarri, «urteetan gure bizkar aberastu diren harrapari» iritzita. Bertakoek etxebizitza aurkitzeko zailtasun gero eta handiagoak dituztelarik, azoka hori egitea «eskandalagarria» dela eta «herritarrez trufatzea» dela uste dute taldeok.
Egoera horretan politikariek duten erantzukizuna nabarmendu dute. «Etxebizitza eskubidea errespetatua eta gure herriaren herriaren geroa segurta- tua izan dadin, botere publikoak lurra eta etxebizitzaren inguruko kudeaketa politikak abian jartzera bultzatuko» dituztela gaineratu dute. «Argazki ilun hau» onartzeko prest ez daudela berriro gogorarazita, mobilizazioaren aitzinean hainbat ekimen egingo dituzte. Apirila osoan lurra eta etxebizitzaren gaia jorratzen duten eragileekin harremanetan jarriko dira haien sostengua eskuratzeko.