Berezkoen Binakakoa
Larretxeak eta Etxetok finalerdietan izateko lehen urratsa eman dute
Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI
Ez zen ezustekorik izan atzo Donibane Garazin; Larretxea-Etxetok lehen partida irabazi zuten eta finalerdietan izateko lehen urratsa eman zuten Alfaro eta Dermit mendean hartuta.
Irabazleak ziren faborito, eta alde horretatik iragarpenak bete egin ziren, baina Etxetok eta Larretxeak gogotik egin behar izan zuten lan garaipena eskuratu ahal izateko. Lehen kintzetan oreka izan zen nagusi, eta hamargarren tantora bitarte pare-parean ibili ziren.
Hortik aurrera hasi ziren aldeak ateratzen irabazleak, eta 20-6ko partziala lortu zuten, markagailuan 32-16koa jartzeko. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina Alfarok eta Dermitek ez zuten etsi eta lanean jarraitu zuten.
Alfarok oso partida ona egin zuen, markagailuko aldea murrizteari ekin zioten, eta bederatzi kintzetara ere hurbildu ziren, 35-26, baina hortik aurrera ezergutxi egin ahal izan zuten, galtzaileek beste bi tanto besterik ezin izan baitzituzten lortu.
Larretxeak eta Etxetok oso maila ona eman zuten, baina baita Alfarok ere. Agian Dermit ibili zen besteak baino beheraxeago, baina, oro har, neurketa oso polita izan zen.