Jaien zurrunbiloa (I): pribatizazioaren joeraren aurrean
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Iritsi da udaberria. Zahartzen joan ahala denbora azkarrago joaten dela dirudi. Hau abiadura! Berotegi efektuaren beste ondorio kaltegarria ote? Udatik udaberrira pasatu ote gara, negurik tartekatu gabe? Gabonak, inauteriak, sagardotegiak, aste «santua» eta orain, berriro, herrietako jaien zirkuitua. Bai, bai, herrietako festak; hasi gara berriro. Oraindik barneratu ez badugu ere, Zumaiako San Telmoak gainean ditugu, eta hauekin batera, txupinazoa piztuta, Gabonak bitartean, festaz festa saltoka ibiltzeko aukera. Jaietan daude dagoeneko herri batzuetan eta, udari begira, prestaketan beste herri askotan.
Eskuindar pentsaera duten udal gobernuetan (horietako batzuek paperean ezkertiarrak direla esan arren) pribatizazioaren aldeko joera garbia dute. Ez da gauza berria. Hitz egin izan dugu honetaz. Herriko ekimenei trabak jarri askoz ere otzanagoak diren enpresa pribatuen mesedetan. Jaiak ikuskizun bilakatu, jai herrikoi eta parte hartzaileen kaltean. Ezkertiar izaera duten gobernuetan, eta herritar mugimendu indartsua dutenetan, jaiak antolatzeko batzarrak eratzen dira, jai batzordeak. Herritar orok (taldeetan elkartuta edo banaka) proposamenak egin eta diru laguntzak eskatzeko aukera du. Aurrekontuak mugatuak dira, ordea, eta proposatutako ekimen guztientzako diru nahikorik ez da egoten. Zer egin, orduan? Nola erabakitzen da zein proposamen atera aurrera eta zer diru kopuru dagokion eskaera bakoitzari? Nork erabakitzen du eta nork erabaki behar du? Zein irizpide jarri behar dira eta nork erabakitzen du irizpideen inguruan? Herri gehienetan, diru laguntzak nola banatu behar diren arautzen duten araudiak dituzte (dirudienez, udal bakoitzak askatasun handia du arautegia onartzeko garaian), baina, nork egin ditu arautegi horiek eta zertarako? Arautegiak egiteko garaian herriko taldeekin kontsultatu da? Arautegi horiek herriko taldeei, ekitaldiak antolatzeko garaian, gauzak erraztu ala trabak jartzen dizkiete? Herriko taldeetan ari direnek, eskuarki, musu truke egiten dute lana. Arautegi «herrikoia» onartzeko prozesua luzea eta konplexua izan daiteke. Gainera, batzordean dagoen talde bakoitzak bere interesak defendatuko ditu, jakina, eta agian taldeen arteko eztabaida egongo da. «Nahikoa lan badute ekitaldiak aurrera ateratzearekin». Aitzakia polita erabakien «zama» politikoen esku uzteko. (Jarraituko du).