Ordizia-Itsasondon obrak hasi direla gezurtatu du AHT Geldituk
«Hasi dira Gipuzkoan Euskal Y-aren obrak Ordizia-Itsasondo tartean», adierazi zuen atzo Lakuako Gobernuak. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak albistea gezurtatu eta tramitazio for- mala «hasi» baino ez dutela egin ohartarazi zuen. Plataforma honek oraindik ere tramitazio legal asko geratzen dela jakinarazi, eta gogor salatu zuen «Eusko Jaurlaritza herritarrak nahasteko erabiltzen ari den politika gezurtia».
GARA |
«Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak herritarrok informatu beharrean, nahastu besterik ez gaitu egin nahi. Gezurra da `euskal Y'aren Ordizia-Itsasondo zatiko obrak hasi direla», ohartarazi zuen Goierriko AHT Geldi- tu! Elkarlanak. Plataformako lagunek azaldu zutenez, prentsa-oharrari izenburu hori jarri badiote ere, dokumentua irakur- tzen duena berehala konturatuko da «hasi» duten gauza bakarra tramitazio formala dela. Gainera, beren iritziz, ezin da erran tramitazio hori hasi ere egin denik, Lakuak «urteak baitaramatza obrak hasten».
Ez zela makinarik lanean hasi eta oraindik ere tramitazio legal asko gelditzen dela nabarmendu zuten: desjabetzen inguruko informazio-publikoaren epea bukatzea; egon daitezkeen helegiteak aztertu eta erantzutea; akten altxamendua... Plataformaren arabera, hirukoak helburu zehatzarekin zabaldu zuen atzo lau haizetara obrak hasiak zirela: herritarrak nahasi eta proiektuak atzera bueltarik ez duela erran. AHT Gelditu! Elkarlanak, ordea, atzera bueltarik baduela uste du, eta obrak luzatzea eta proiektua ez gauzatzea da bere garaipena.
«Euskal Y»aren buletin elektronikoan, honako izenburua zegoen idatzita: «Hasi dira Gipuzkoan Euskal Y-aren obrak Ordizia-Itsasondo tartean». Administrazio-izapideak bukatu eta herenegun zuinketa-akta egin ondoren, atzo Lakuako Garraio eta Herri Lan Sailak eta enpresa esleipendunek «formalki» Ordizia-Itsasondo tartea eraikitzeko obrei ekin ziotela jakinarazten zen bertan. «Zuinketa-akta sinatzen den unean hasten da ofizialki obra burutzeko epea eta, kasu honetan, Ordizia eta Itsasondo artekoa egiteko 31 hilabeteko epea dago», azaldu zuen Gobernuak.
Aipatutako administrazio-izapideen artean, honakoak nabarmendu zituzten: obraren beraren esleipena; aldi baterako enpresa-elkartearen eraketa; eraikuntza kontratuaren sinadura; segurtasuneko eta laneko osasuneko planak egitea, eta ukitutako lurrak erabilgarri izateko izapide guztiak.
«Eusko Jaurlaritzako Lurranek bulegoari esker, desjabetzeko prozesuetan ia jabe guztiekin lortu dugu adostasuna», baieztatu zuten «Euskal Y»aren buletinean. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek ez zuten informazio hori egia edo gezurra zenik erran, baina ziurtatu zuten hogei bat lurjabe direla eta horietatik lauk gutxienez ez dutela baimenik eman.
«Modernoa eta iraunkorra»
Sustapen Ministerio espainolak, Adifek, Lakuak eta Euskal Trenbide Sareak sinatutako hitzarmenak jasotzen duenez, desjabetze espedienteen kudeaketan lagunduko du Gasteizko Gobernuak, nahiz eta azken erantzulea Estatuko Administrazio Orokorra izan. Gobernu espainolak lurralde historikoetan dituen ordezkarien esku utzi du eginkizun hori.
«Gipuzkoan obrak hastea euskal trenbide sare berria eraikitzeko bidean urrats garrantzitsua da, bidaiari eta salgaien garraio sistema integral moderno eta iraunkorra lortzeko aurrerabide funtsezkoa», baloratu zuen Lakuako Gobernuak prentsa-oharraren bukaeran.
Plataformak salatu duenez, Arratzu/Ubarrundia-Legutioko 1. tarteari dagokion espedientea eskatu, eta ez diote eman. «Edozein pertsonak aztertu ahal izateko eta helegiteak aurkezteko espediente osoa erakutsi behar dute», ohartarazi du.
AHT Gelditu! Elkarlanak Lakuak argitara eman berri duen Soziometroa aztertu, eta bertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dutela Abiadura Handiko Trenaren gaineko informaziorik baiezta daitekeela ondorioztatu du. Populazioaren %51k informazio gutxi duela aitortu du; %39k dio nahikoa duela eta %4k, berriz, gehiegi daukala. Gainerako %6k ez daki edo ez du erantzun nahi izan.
Plataformako kideei arreta eman die inkestan herritarren benetako ezagutza jakiteko galderarik sartu ez izanak. Izan ere, «egitasmoaz herritarrek zenbat dakiten ezagutzeko erarik onena egitasmo horren inguruan galdetzea da», eta ez diete galdetu txartelen prezioaz, bidaiaren denboraz, errepideko zirkulazioan izango lukeen eraginaz...
EHUko hainbat irakaslek 2007an egindako iritzi ikerketa ekarri dute gogora. Bertan islatu zen AHTk zeharkatuko lituzkeen udalerrietako biztanleen heren batek ere ez dakiela bertatik pasako dela, eta hamarretik zazpik instituzioek informazio gutxi eman dutela diotela.
Bestalde, zaila iruditzen zaie pentsatzea herritarrek AHTren inguruko iritzia guztiz aske emango dutela atera deitu eta Gobernuarentzako inkesta dela esaten baldin badiete.