Pionir, lurperatzailez gainezka egongo den serbiako infernua
«Madrildik zerura» esaldiak dioena bizi ahal izateko, Pionir-eko infernutik pasa beharko du aurrez Baskoniak, nahiz eta kanporaketa Zurbaon erabakitzeko moduan den. Bertan izan direnek Europako kantxarik beroena dela esanez definitzen dute, baina hori esan ohi zen OAKAz ere.
Jon ORMAZABAL
Telebistatik bakarrik ikusita beldurra emateko modukoa da». Halaxe definitu zuen Sergi Vidalek -2002an Baskoniak bertan azken aldiz jokatu zuenetik taldean geratzen den jokalari bakarrak- Pioniren, Partizanen kantxan, partida handietan izaten den giroa. Izar Gorriaren aurkako «Betiereko suaren derbiak» bertan jokatzen direla jakiteak, eta harmailak 7.000 «Grobari» edo lurperatzailez -hala deitzen dituzte taldeko jokalari eta zaleak, hastapenetan jantzi ilunekin aritzen zirelako- gainezka egongo direla entzuteak ere, ondo laguntzen du gasteiztarrek gaur Serbiako hiriburuan biziko duten infernua ulertarazten.
Ezer izatekotan, sutsuak omen dira serbiarrak, eta saskibaloia bertako pasio nagusietako bat dela jakinda, erraz uler daiteke partida egunetan bertako jarraitzailerik gazteenek Pionir sutan jartzea. Horiek horrela Pekovic, Palacio edo Velickovicen kalitateaz gain, harmailek epaileengan eta arerioengan ezartzen duten presioa ere etsai izango ditu gaur Baskoniak. Asteartean Vujosevic entrenatzailea Spahijaren area teknikoan sartu zen protestatzeko, eta pentsa zer ez ote duen egingo gaur bere etxean!
Hala ere, Baskoniak ezagutzen du kantxa hori eta emaitzak ez dira batere txarra izan, bi aldiz jokatu baitu bertan eta bietan garaile irten baitzen. Batetik, 2002ko urtarrilean, Euroligako partidan, 59-65 irabazi zuen Ivanovicek zuzendutako taldeak; eta bestetik, 1995ean Errekopa irabazteko baliagarri izan zen garaipena lortu zuen 76-80ko emaitzaz.
Perasovicen arazoak
Garaipen hura, ordea, kirolaz harago lortutako garaipena izan zen, Velimir Perasovicek bereziki eta Manel Comasek Serbiara egindako bidaian bizi izan zituztenak ez baitira berehala ahazten diren horietakoak. Gauza da, Velimir Perasovic Serbian sartu zen lehen kirolari kroaziarra zela -bere independentziaren alde agertu zena gainera-, eta eskaini zioten ongietorria ikaragarria izan zen.
Sufrikarioa ordea, kantxan sartu baino askoz lehenago hasi zen Taugreseko jokalariarentzat. Hasteko, aireportuan Serbiako poliziek ordu erdi baino gehiagoz beren eskuetan izan zuten bere pasaportea zela eta. Horrekin abiarazi zen guda psikologikoa. Giroa nahasia zen, eta hotelean gordetzeak ere ez zuen segurtasun handirik ematen. Manel Comasek atzo Radio Vitorian gogorarazi zuenez, «Espainiako agintarien gomendioei jarraituz, Velimirrek egon behar zuen gelan, Garbajosa eta Cazorla -orduan jubenilak ziren- sartu genituen badaezpada, inori ezer esan gabe, eta ez dakit, oraindik, egindakoa barkatu ote didaten».
Hirian gerraren aztarnak artean nabariak zirela, 2.000 inguru izan ziren Pioniren bildutako zaleak, baina Perasovici esandakoek eta egindakoek kroaziarraren mitoa handitu baino ez zuten egin. Jokalari handienen pare, hegalekoa hazi egin zen, eta azken unean berak sartutako bi hirukoei esker irabazi zuten. Garaipena ospatzeko betarik ez zuten izan, ordea, gasteiztarrek, harmailetatik txanpon, txiskero eta bestelako objektuen erauntsia hasi baitzen. Korrika egin behar izan zuten arabarrek aldageletarako bidea. Presaren presaz, pasaporteak, lapurtuko zizkieten beldurrez delegatuak aldageletatik kantxara eramandakoak, bertan ahaztu zitzaizkien. Giroa baretutakoan inon ez zen agiriok zituen poltsaren arrastorik; eta azkenean agertu zirenean, jokalari baten bisatua falta zen: Velimir Perasovicena, ezin bestela.
Alferrik izan ziren aireportuko poliziei emandako azalpen guztiak, serbiarrek ez baitzioten jokalariari Gasteizerako hegazkina hartzen utzi nahi. Jokalaria bertan bakarrik nola utzi, bada, eta Comasek talde osoa bertan geratuko zela agindu zuen. Air Franceko hegazkin gidariari esker -hegaldiari irteten utzi ez ziotela-eta nazioarteko eskandalu bat sortuko zuela mehatxu egin zuen- hartu ahal izan zuten baskonistek etxerako itzulera bidea. Hegazkinean eseria zela, Perasovicek berak taldekideei azaldu zienez, berarentzat unerik zailena jaurtiketa libreak egiteko orduan izan zen. Izan ere, harmailetatik gerrak txikitutako Kroaziako hiriburak gogorarazten zizkioten etengabe. Jokalaria horrek mindu omen zuen gehien.
Zorionez, alde horretatik azken urteetan asko aldatu da egoera. Eskerrak, izan ere, beste bi kroaziar -Spahija entrenatzailea, eta lehenengo partidan Partizani minik gehien egin zion Zoran Planinic- eta bosniar bat -Mirza Teletovic- joan baitira oraingoan Baskoniarekin.
Kosovoren independentziaren ondoren, Efes Pilseneko lau estatubatuarrek uko egin zioten Top-16ko partida erabakigarri bat jokatzeko Belgradora joateari -enbaxadaren gomendioak omen ziren-, eta turkiarrek taldetik bota zituzten. Beste bi jokalari eta Estatu Batuetako pasaportea duen David Blatt entrenatzailea bertan izan ziren, eta ez zuten inolako arazorik izan, eta Mickeal eta Singletonek ere inolako arazorik ez izatea litzateke normalena.
Serbiar bat ere badu Baskoniak bere taldean, Igor Rakocevic, baina bera izango da harrerarik gaiztoena izan lezakeen jokalaria. Izan ere, hegalekoa «ijitoa» baita, hau da, Izar Gorriko jokalari ohia. Partizan -hasieran armadaren eta erregimenaren taldea- eta Izar Gorria -poliziarena eta, hasiera batean, kolorearekin estali nahi izan bazuten ere, Tito Mariskalaren erregimen komunistaren aurkakoak- etsai amorratuak izan dira betidanik, eta «Betiereko suaren derbiak» lekutan uzten dituzte hemen inguruan ezagutzen ditugunak. Perasovici garai hartan, edo Rakori berari Unicajaren aurka, gertatu bezala, ea presioak jokalaria indartzen duen.