«Tigre zeltikoak» zaldikoa galdu du bidean
Azken hamarkadetan, termino makroekonomikoetan, irlandar Estatuaren hazkundea hain ikusgarria izan da, non fenomenoa «tigre zeltikoa» izenarekin bataiatu duten. Duela ez horrenbeste goseteak eta migrazio masiboak bizi izan dituen herrialde batek honelako bilakaera eduki izana azpimarratzen dute adituek. Jakina, hazkunde horrek baditu argi-ilunak. Alde batetik, datu ofizialen arabera, irlandar Estatuan hamar biztanletik bat milioiduna da -datu horretan ez da etxebizitza propioa sartzen-. Beste aldetik, ordea, bost biztanletik bat pobreziaren mailaren azpitik bizi da. «Tigreak» dirua egin egin du, baina argi dago ez duela mozkina irlandar guztien artean banatu.
Atzo arte inork ez zuen zalantzan jartzen Bertie Ahern taoiseach-a espektro sozial horren zer aldetan zegoen. Baina haren dimisioak diru pilaketa izugarri horien atzean dagoen ustelkeria erakutsi du. Baita modurik argigarrienean erakutsi ere, hazkundea izan den bitartean Ahern Dublingo alkate, finantza ministro eta lehen ministro izan delako. Bide batez, gertakari politiko honek fenomeno ekonomikoaren azpian ezkutatzen den misera gorria bistan utzi du. Globalizazioan herritarren mesedetan neurri neoliberalak arrakastaz martxan jarri dituzten gobernuen adibide gisa aipatu da Irlandakoa. Tamalez, termino horiek berez dira kontraesankorrak, bost irlandarretik batek baieztatzen duenez..