GARA > Idatzia > Kultura

Bertso Eskolari eusteko saio berezia antolatu dute Lizartzan larunbaterako

GARA | LIZARTZA

Datorren larunbatean, Lizartzako Bertso Eskolaren Eguna ospatuko dute. Hori dela-eta, bi ekitaldi antolatu dituzte. Bata, 12.00etan, batez ere haurrei zuzendutako «1, 2, 3... Inaxito» izeneko bertso-antzezlana izango da. Bestea, berriz, 22.30ean, bertso saioa izango da. Bertan, punta-puntako sei bertsolari arituko dira, zehatz-mehatz: Andoni Egaña, Xebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal eta Iker Zubeldia. Denak, Josu Goikoetxea gai-jartzailearen esanetara.

Eskola finkatzea helburu

Saioaren bidez lortutako dirua Lizartzako Bertso Eskola finkatzeko erabiliko dute. Antzolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, «auzolanean eta herri ekimenaren indarraz hornitu nahi dugu gure kultura; herri honek lehendik ere badaki borondatezko lana zer den. Herriak herriarengan sinistu behar du, eta horretarako garaiak omen datoz berriro ere. Beharbada Lizartza izango da inguruan, gertaerak gertaera, egoera hau erarik gordinenean pairatzen duen herria, eta gure irudimenak ematen digun guztia jarri behar dugu gureari eusteko, eta ez eusten bakarrik, baizik eta hobetzeko. Herri xumea gara baina horrek ez gaitu ahulago egiten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo