Sakanako EHEk ezetz erran die euskalgintzaren parte hartzea murrizteko arauei
Euskal Herrian Euskaraz-eko 30 lagunek elkarretaratzea egin zuten astelehenean Lakuntzan, Sakanako Mankomunitatean, «euskalgintzaren parte hartzea murriztuko duen araudirik» ez dutela nahi adierazteko.GARA |
Lakuntzan, Sakanako Mankomunitateko egoitzan elkarretaratzea egin zuten Euskal Herrian Euskaraz-eko 30 lagunek astelehenean. Mankomunitateko Euskara Batzordearen eta, oro har, euskararen inguruan azken hilabeteotan izandako zenbait aldaketaren gaineko hausnarketa plazaratu zuten.
Urteetan aritu den Euskara Batzordeak egindako lana eta emandako pausoak nahi baino geldiagoak izan diren arren, ar-gi dute denborarekin errotzen eta fruituak ematen hasiak zirela. Baina, Mankomunitateko lehendakaritza aldaketarekin batera, urteetan zehar aurrerapau- soak lortzeko euskararekin egindako lanketa bat-batean eten dela deritzote.
Lehen proposamena indarrean zegoen araudia aldatu eta Euskara Batzorderako Araudi Berria aurkeztea izan zela ekarri zuten gogora. Nagusiki, eta desadostasun zehatzez gain, Araudi Berria proposatzeko erabilitako moduak berak kezkatzen ditu. Euskara Batzordeko kideek ez dute azken unera arte proposamenaren berri ofizialik eduki; are gehiago, gehienek Euskara Batzordearen bezperan jaso zuten idatzia (batzuek soilik gaztelaniaz). Iruditzen zaie honelako proposamenek garrantzi handia dutela eta ezinbestekoa dela araudia garaiz jasotzea behar adinako denbora eskaintzeko horren azterketari, euskalgintzaren iritzia ere kontuan hartu beharrekoa baita.
Araudi Berriak jasotzen dituenen artean, bereziki ondorengo neurriak dira salatu nahi dituztenak. Lehenik eta behin, euskalgintzari boto eskubidea ukatzea onartezina iruditzen zaie. Orain arte, euskalgintzako kideek boza emateko eskubidea izan dute, eta beren ustez hori da euskaltzaleen parte-hartzea bermatzeko bide bakarra. Izan ere, «zein da euskalgintzari uzten zaion lekua, iritzia emateko eta gehiengoari Euskara Batzordeetara agertzeko aukerarik ere ematen ez zaionean? Zer onura ekarriko dio horrek euskarari eta sakandarroi, erabakiak udal ordezkariek soilik hartzen badituzte?», galdetu zuten.
Bestalde, kezkagarria iruditzen zaie Euskara Batzordeko kide izateko nahikoa izatea euskara ondo ulertze hutsa, beren iritziz, horrek ez baitu inolaz ere bermatzen gune horrek euskara hutsean funtzionatuko duenik. Ez daude prest «guztiontzat hain agerikoak diren atzerapausoak onartzeko».
Horretaz gain, bilerak egiteko Araudi Berrian jasotzen den maiztasunari ere ez deritzote nahikoa, «bi hilabetean behin (betiere hiru hilabetean behineko gutxienekoarekin) biltzearekin ez baitzaio euskarari merezi duen jarraipenik egiten».
Elkarretaratzean nabarmendu nahi izan zutenez, euskarak lehentasunezko gaia izan behar du Mankomunitatean eta, horretarako, gutxienez hilabeteko bilera bat egitea ezinbestekoa da, aurreko araudian jasotzen zen moduan.
Bukatzeko, «bere garaian euskalgintzako kide gehienek egindako helegiteak kontuan ez hartzea eta batere aldaketarik egin gabe araudiarekin aurrera egitea» salatu nahi izan zuten. Orain arteko Euskara Batzordeetan argi ikusi dute euskalgintzako «kide bakar bat ere datorrela bat Araudi Berriarekin».
«Euskara Batzordearen plangintzari ekarpenak egiteko eskatu zaio euskalgintzari; zertarako, ordea, helegiteekin egin bezala, berehala alde batera uzteko?», galdetu zuten. Funtzionamendu «bertikala» salatu zuten langileek.