GARA > Idatzia > Kultura

Hogei urteko ibilbidea bilduma batean islatu du Mikel Markezek

Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu berri du Mikel Markezek «Zure begiek. Bilduma 1988-2008» izeneko diskoa. Hogei urteko ibilbide musikalaren laburpen gisa uler daiteke, aurretik argitara emandako zazpi diskoetatik berreskuratutako hamalau abestirekin sortua.

p059_f01_152x108.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Hamabost urterekin hasi zen Mikel Markez (Errenteria, 1971) gitarra jotzen, lehenengo kantak sortzen eta jendaurreko kantu saioak eskainiz. 1989an egin zuen lehenbiziko grabazioa, bidea ireki zion lehen maketa. Harrezkero 1.500 kontzertu baino gehiago eskaini ditu bere ibilbidean, Euskal Herriko txoko gehienetan abestu du beraz. Zuzenean, besteak beste, Silvio Rodríguez, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Paco Ibañez kantariekin ere aritu da.

Bada, urte hauetan guztietan ereindakoaren adierazle izan daitekeen diskoa da Markezek orain kaleratu berri duena; aldez aurretik plazaratutako zazpi lanetatik hautatutako hamalau abestirekin osatu duen «Zure begiek. Bilduma 1988-2008».

«Oso gauza sinplea da disko hau, hamalau kantuz osaturiko bilduma bat -laburbildu zuen berak aurkezpenean-. Egin duguna orain arteko zazpi diskoetatik kantuak hartzea eta bilduma honetara ekartzea izan da, baina kantu bakoitzari unean uneko tratamendua eman diogu. Kanta berriak egiten ere banabil eta, agian, atera nezake orain kantu berridun disko bat; baina datak ere oso modu egokian jartzen zidan parez pare hau ateratzeko aukera». 1988an izan zen, hain zuzen ere, kantariak eskaini zuen lehenengo zuzeneko emanaldia, eta 2008. urtean sartu garenez, hogei urte beteko dira lehenbiziko kantaldi hartatik.

«`Zure begiek' horrek -aipatu zuen diskoaren izenburuari dagokionez-, nolabait laburbildu egiten du ibilbide guztia, hori baita lehenbiziko kantaldi hartan abestu nuen kantetako bat, eta oraindik ere kantaldietan kantatzen dudana. Halako lotura bat egiten du, kantu horrek». Izan ere, `Zure begiek' abesti enblematikoak, Markezi hamaika anekdota ekarri dizkion horrek, ematen dio hasiera diskoari.

Prozesu zaindua, «jolas polita»

Disko bilduma hau Donostiako Elkar Estudioetan grabatu eta nahastu dute, 2007 eta 2008 artean. Zehazki, Mikel Fernández Krutzagaren ardura izan dira grabazioa, nahasketak, masterizazioa -Amezketako Musikart estudioan- eta produkzioa.

Markezek jakinarazi zuen kanta guztiak bermasterizatu egin dituztela lan berri honetarako. Zenbait abesti berriz grabatu dituzte; kanturen bat osorik dago birgrabatuta; beste zenbait abestiri, aldiz, garai bateko pistak hartu eta teknologia berriak baliatuz, gauza berriak gaineratu dizkiote, ordenagailura ekarri, eta gustuko ez zutena edo hobetu zitekeen hori kenduta. Horren ondorio gisa, kantariak zera esan zuen: «Diskoa irekitzen duen kantuan -`Zure begiek'- 19 urteko Mikel Markez duzue kantatzen, ahotsa eta gitarra jotzen; baina orain, sartu dugu, adibidez, Iñaki Salvadorren piano bat; Juan Carlos Perezek egin duen soka laukote bat ere bai, Alos Quartetek jo duena... Horrekin ere jolastu dugu; batzuetan gauza erabat berria egin dugu, eta besteetan elementu zaharrak erabili ditugu eta berriak gehitu dizkiogu...».

«Jolas horretan, neu behintzat, jostailu berria duen umetxoa bezala sentitzen naiz. Gozamen izugarria izan da lan hau egin ahal izatea, eta egia ere bada zenbait kanturekin hori egiteko premia sentitzen nuela. Tabernetan edo irratian, eta zenbait kantu entzuten nituenean, `hau hala egin banu garai hartan' edo `beste hura sartu izan banu'... pentsatzen nuen. Beno, bada garaia, 20 urteren buruan, `banu' horiek guztiak errealitatera ekarri eta bere lekuan jartzeko».

Horiek hala, gustura dago Markez aurkeztu berri duen lanarekin. 14 kanta bildu ditu orotara, eta Pako Aristiren hitzak, Maialen Lujanbio eta Jexus Mari Irazuren bertsoak, Jon Miranderen poema erotikoa... daude tartean: «Ibilbide osoa laburtzen du. Romantikotik puska bat dago; sexutik ere, erotismotik...». Concetta Probanzaren «lan artistiko potentea» ere goretsi du, bereak baitira lanaren diseinua eta marrazkiak.

ZUZENEKOAK

Bihar bertan Aian aurkeztuko du Markezek bere lanaren zuzenekoa, 22.30ean, plazan. Lotuta ditu dagoeneko laster Getxon, Iruñean, Ondarroan, Zarautzen... aritzeko hitzorduak ere. Peio Ramírezekin eta Joseba Loinazekin arituko da kantaria.

Fitxa

Izenburua: «Zure begiek. Bilduma 1988-2008».

Egilea: Mikel Markez.

Argitaletxea: Elkar.

Salneurria: 16 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo