Perdi Del Olmo Vega Fonkaleteko (Alacant) hamaika euskal preso politikoon izenean
Duintasunaren bandera haizatzen dugu
Gose greba mugagabea abiarazi dugu Fontkakako espetxean gauzkaten hamaika kideok apirilaren lehenaz geroztik. Muturreko erabakia izaki, edonori gerta dakioke begi bistakoa noraino gainditu duen kartzela honek, urteak joan urteak etorri, gu denon pazientzia. Pazientzia behar baita, lagunok, pazientzia mordoa, etxetik 800 kilometrora, txerrikorta honetan euskaldunontzat espresuki asmatutako bizi baldintzei aurre egiteko. Pazientzia hiru metro koadroko ziega ustel eta hezeotan, neguan ezin hotzago eta ilunagoak, berogailurik gabeak, eta udaran labe gordinotan 20 orduz itxita egoteko egunero. Nolakoak ote diren, non hemengo petrikiloek neskak dauzkaten isolamendu galeria behin betiko itxi zezaten gomendatu zuten. Alferrik noski.
Kolektiboko kide guztiok erakusten dugun pazientzia behar da gure aurka beti moda-modan izan diren, eta mantso-mantso areagotzen doazen neurriei gailentzeko. Espetxe orok berezkoak dituen ankerkeriari, autoritarismo merkeari, misoginiari, gehiegikeria guztiei buelta eman, barre egin eta aurrera egiteko, ohikoak ditugun umore eta bizipozarekin.
Alabaina kitto esateko tenorean gara. Pazientziaren ontziak gainezka egin dezan aski izaten baita ttantta bat. Ttantta hori emakumeen moduluan isuri da; atzetik ttanttaz mukuru zetorren, ordea.
Fontkakako emakumeen moduluak gauza arrunta dirudi. Badago patio zabal samarra, laurogei bat preso handik hona, ohiko zaratak, aktibitateak, betikotasuna. Bada, aldiz, zigorrak betetzeko isolamendu galeria bat, modulu orokorretik bereizia. Bertan bost ziega daude, patio txiki bat, komuna, dutxa eta listo. Bertan sartzen dituzte, sistematikoki, hona ekartzen dituzten emakumezko euskal preso guztiak. Zernahira ohitzen garenez, bertan pasatu dituzte hainbat eta hainbat kidek bolada luzeak. Mendeak eta mendeak inor ikusi gabe, inorekin hitz egin ahal izan gabe. Hogei ordu ziegan hotzak akabatzen, lau ordu patioan hotzak akabatzen, hogei pauso aurrera, hamar pauso albora, itzuliak alde batera, itzuliak beste aldera. Hogei ordu ziegan egosten, lau ordu udako patioko labe kiskalgarrian, eta buelta. Inoren ahotsa entzun gabe, ezta besarkada ñimiño batik ere. Mendeak eta mendeak.
Agian horregatik esan dio Alacanteko epaileak hemengo zuzendaritzari galeria hori ez dela inor bizitzen edukitzeko lekua. Euren araudia eskuetan.
Beharbada baldintza horietan edonor zimeltzen delako; sufrimendu itsaskor bezain suntsigarria piztuz edonor eromenera eraman dezakeelako; beharbada horregatik egiten diote muzin euren araudiari, epailearen aginduei, eta hona iristen diren emakumeak patio txikiko erregimenean sartzen tematzen dira, haurdun zeuden bi kide barne. Nonbait espetxearen gogortasuna aski iruditu ez eta emakume izatearen prezioa pagarazi nahi digute. Originalak gero...!
Gu gogaitu gaituzte, baina. Atera ditzatela isolamendu patiotik patio orokorrera gure kideak. Ez dezatela beste inor sartu, ez gaitzatela hamaikotatik inor bakartu: ez dugu onartuko.
Borroka bat abiatzen denean, izan daiteke finkatutako helburuak lortzea, izan daiteke ez lortzea. Baina egurra banatzen baino ez dakienaren aurrean zutik eta tinko paratzearekin batera, sekula ulertuko ez duten bandera haizatzen dugu: duintasunarena. Horrek egiten gaitu garaile. Muxu handi bana.