GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolaritzari zenbaki oso bat eskaini dio «Oral Tradition»ek

Munduan ahozkotasunaren inguruko ikerketa zentro garrantzitsurik bada, hori da Center for Studies in Oral Tradition delakoa, Missouriko Unibertsitatearekin lotuta dagoena. Zentro horrek bere aldizkariaren zenbaki monografiko bat bertsolaritzari eskaini dio. Bertsozale Elkartekoek atzo aurkeztu zuten «journal.oraltradition.org»en aurki daitekeen zenbaki hori.

p063_f01_147x096.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Oral Tradition»ek zenbaki oso bat bertsolaritzari buruz argitaratu izana ez da huskeria, argitaratu aurreko lana huskeria izan ez den bezala. Hori islatu zen atzo Donostiako Liburutegian eginiko ekitaldian, non, aurkezleek ez ezik, bertso munduko beste pertsona ezagun batzuek ere hartu zuten parte, esaterako, Imanol Lazkanok, Joxe Agirrek, Maialen Lujanbiok, Joxe Irazuk edota Koldo Tapiak.

Zenbakia John Miles Foleyk 2007ko Txapelketako finalari buruz idatzitako kronikarekin hasten da. Honi buruz, zera esan zuen kasu honetan editorearenak egin dituen Joxerra Garziak: «Kanpotik ikusteak gurea hobeto ulertzeko aukera ematen du, ez beti, baina bai askotan, eta horren froga da hau; izan ere, Foley, Center for Studies in Oral Traditioneko zuzendaria, munduko aditurik handienetako bat da».

Ondoren, Xabier Aierdik eta Alfredo Retortillok bertsolari eta bertsozaleen inguruan eginiko azterketa soziologikoaren berri ematen du aldizkariak. Testu hori Jon Sarasuaren artikulu batek osatzen du.

Bertsolaritzaren «barruko kontuak» -bat-bateko bertsoa sortzeko prozesua- Andoni Egañak aztertu ditu.

Joxerra Garziak bertsolaritzaren historia bat idatzi du. «Gehienbat kanpotarrentzat idatzita dagoen aitzakian, ohi ez bezalako sailkapen bat egin dut, gaur egun bertsolaritzaz dugun ikuspegiarekin hobeto datorrena», esan zuen. Garziak berak bertsolaritzaren «ekosistema»z beste testu bat paratu du. «Bertsoa -esan zuen- ez da basamortuan jaiotzen den lore bakartu bat; inguruan, baladak, txisteak, telebista eta beste genero batzuk ditu, eta hori azaltzen saiatu naiz gaur egun munduan punta-puntakoak diren irizpideak aplikatuz».

Ainhoa Agirreazaldegik eta Arkaitz Goikoetxeak bertso eskolen mugimenduaren kronika egin dute.

Zenbakia biribiltzeko, Foleyren beraren aholkuz, Egañarekin, Joxe Agirrerekin eta Maialen Lujanbiorekin elkarrizketa bana sartu dituzte. Elkarrizketatzaileak Josu Goikoetxea, Estitxu Eizagirre eta Laxaro Azkune izan dira, hurrenez hurren. «Hiru bertsolari hauek aukeratu ditugu bertsoa ulertzeko modu desberdinak ordezkatzen dituztelako», argitu zuen Garziak.

Editoreak nabarmendu zuenez, zenbakia orain plazaratu bada ere, orain dela bost bat urte hasi zen mamitzen: «2003an, Joseba Zulaikak-eta Renon antolatutako kongresu batean, Jon Sarasuak, Andoni Egañak eta hirurok ordu arte liburuetatik baino ezagutzen ez genituen John Foley eta ahozkotasunari buruzko punta-puntako beste ikertzaile batzuk aurrez aurre ezagutzeko aukera izan genuen». Urte hartan bertan, Bertsozale Elkarteak Donostian antolatu zituen inprobisazio kantatuari buruzko nazioarteko jardunaldietan, harremanak estutu zituzten. «Foleyrekin bileratxo bat antolatu genuen -gogoratu zuen Garziak-. Guretzat mitikoa zen `Oral Tradition' aldizkarian bertsolaritzari buruzko aipamen bat sartzea lortu nahi genuen. Azkenean, gure artean ausartenak, Sarasuak, bota zion kontua: `Aizu, bertsolaritzari buruzko aipamen bat egin dezakezu aldizkarian...'. `Aipamen bat ez, monografiko bat egin behar dugu', erantzun zion Foleyk, gure harridurarako».

Oso pozik atera ziren bilera hartatik. Monografikoa egin egin behar zen, ordea. «Bi aukera genituen: ordurako bagenekiena ingelesez jarri eta bidaltzea edo aldizkariaren aitzakian bagenekien horretan beste urrats bat egitea. Azkenean, bigarren hori egiten saiatu gara», esan zuen Garziak.

Unescoren ondare ez materiala

Arantxa Mariskalek, Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza Saileko eragileak, «Oral Tradition»eko monografikoa «Kultur artean» deritzan lan lerroaren emaitza garrantzitsua dela, baina alor horretan oraindik «egiteko asko» dagoela nabarmendu zuen. Esaterako, elkartea Unescori bertsolaritza ondare ez materiala izendatzeko aukera aztertzen ari dela aurreratu zuen.

Monografikoa diruz lagundu duen Lakuako ordezkari Josean Rodriguezek, berriz, horrelako ekimenen bitartez «bertsolaritza berrikuntzaren paradigma» bihurtu dela aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo