Estatu frantsesa NATOren egitura militarrera itzuliko da, «dagokion lekuaren» bila
Estatu frantsesak 1966an NATOren egitura militarra utzi egin zuen, AEBen gehiegizko protagonismoa zela-eta. Orain, ordea, Nicolas Sarkozyk iragarri duenez, itzuli egingo da egitura hartara, AEBek dagoeneko, gehiegizko protagonismorik ez dutela iritzita, nonbait. Esan zuen, datorren urtean, NATOren egituretan, Frantziak dagokion bezainbeste leku hartu behar duela. Lekutan dago De Galulleren jarrera, lekutan Chiracena kontu horri dagokionez, Sarkozy atlantismoaren aldeko jarrera «defentsaren Europa» delako horretan kamuflatzen saiatzen bada ere. Baina, aldi berean, Afrikako lurralde frankofonoetan dituen interesei eta kontrol lehiari begirako bidea ere izan liteke. Ikusteko dago zer-nolakoa den NATOn «dagokion leku» hori. Hobeto esateko, ikusteko dago Estatu frantsesak bere administrazioaren peko lurraldeetan eta Afrikako zenbait lekutan dituen base militarrek, armamentu nuklearra barne, NATOren boterea indartuko duten. Erakunde horrek, aspaldidanik «sobietar mehatxurik» ez dagoen arren, handitze prozesuari eusten dio, baina Ukrainiak eta Georgiak, Bushen gogoaren kontra, oraingoz itxaron beharko dute, Errusiaren pisua hutsaren hurrena ez dela agerian utzita.